Beldurrez beteko dute Ficoba beste behin
Larunbatean Santiagoko Deabruakek beldurraren pasabidea egingo dute beste urte batez. Pozosombrio del Diablo herri sorgindua irudikatuko dute.
Urtero moduan, Santiagoko Deabruek beldurraren pasabide handi batean bilakatuko dute Ficoba. Pozosombrio del Diablo herria irudikatuko dute larunbatean. “Herri sorgindua da, eta bertako kaleak izaki ilunez, ikaraz eta misterioz beterik daude”, adierazi dute antolatzaileek. 100 metro baino gehiagoko ibilbidea izango da, eta hamar gune tematikoz osatuko dute. 30 aktore inguru izango dira bertan.
Sarbideak 15 minuturo izango dira, 17:00etatik aurrera. Sarrerak online lortu ahal dira, eta beti bezala, Luis Marianoko turismo bulegoan izango dira. Gaur eta bihar lortu daitezke bertan, 17:00etatik 19:00etara. Beldurraren pasabidearen atzean 50 pertsona baino gehiago ari dira aste osoan lanean esperientzia murgiltzaile eta bakarra eskaintzeko. Aktoreez gain, makillaje, sarrera-kontrol, segurtasun eta girotze taldeek parte hartzen dute, “xehetasun bakoitza zainduz arratsalde ahaztezina eskaintzeko”.
Santiagoko deabruak jakitun dira beldur handia eragiten dutela, eta beraz familiei gomendatu die baloratzea ea haien umeak prest dauden horrelako bizipen bat edukitzeko. “8 urtetik beherakoak heldu batekin etortzea eskatzen dugu, eta 8 eta 12 urte bitartekoentzat azken erabakia familia bakoitzaren esku uzten dugu».

