"Nire ametsa egi bihurtu dela sentitzen dut"
Eibar Hiria Sari nagusian esan zion agur Ane Santesteban errenteriarrak txirrindularitza profesionalari, txikitan amesten zuen bezala: etxeko talde batean eta etxeko lasterketa batean. Egindako ibilbidearekin asebeteta, ilusioz hartu du hasi berri duen etapa berria.
Tour de France Femmes avec Zwift 2025eko aurkezpena.Massimo Fulgenzi / Sprint Cycling Agency Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioan egin ditu azken bi urteak, euskal txirrindularitzari bultzada bat emateko ilusioarekin. Bidean zenbait «oztopo» izan dituen arren, harro dago egindako lanarekin.
Hilaren 5ean, Eibar Hiria Sari Nagusian hartu zenuen erretiroa. Nola gogoratzen duzu egun hori?
Egun zoragarria izan zen. Sorpresaz beterik egon zen, eta ez nuen espero. Oso maitatuta sentitu nintzen. Ametsetako agurra izan zen. Azkenean, familia, lagunak eta taldekideak presente izan ziren eta oso ondo pasa nuen.
Normalean lasterketen aurretik oso lasai egoten naiz, baina egun horretan zer edo zer espero nuenez oso urduri nengoen. Jaiki eta esan nuen: «Ostras, urduri nago. Gaur bai». Eta irteerara nindoala pasilloa ikusi nuen. Bertan zeuden neska guztiak, itxaroten. Emozioz beterik igaro nintzen bertatik.
Gero, lasterketan zehar ere urduritasun puntu bat izan nuen, konturatu nintzelako azkenekoa izango zela. Lasterketa bukatutakoan ere sorpresa bat bestearen atzetik izan nuen. Autobusa iritsi eta hortxe zeuden denak itxaroten. Podiumera joateko deitu zidaten ere bai, eta koadro bat eman zidaten, agurra dantzatu zidaten, taldekideekin batera argazki bat atera genuen… Egun oso polita izan zen.
Lehiatu bitartean zure azken lasterketa izango zela konturatu zinen. Zer gehiago pasa zitzaizun burutik?
Bada, azkenean, 8-9 urterekin hasi nintzen txirrindularitzan. Eta asteburu guztietan, txiki-txikitatik, lasterketetara joan naiz. Orduan, azkena zela konturatzerakoan tristura puntu bat sentitu nuen. Gero ere, asteak pasa ahala konturatzen zara horrek zer suposatzen duen. Izan ere, erabaki hori hartzen duzunean uste dut ez zarela guztiz kontziente.
Egun horren harira esan izan duzu ez dela zertan helmuga lehen postuan gurutzatu beharrik garaile sentitzeko. Zer irabazi edo jaso duzu txirrindularitzatik?
Hala da. Azkenean, txirrindulari profesionala zarenean helburuak jartzen dizkiozu zure buruari: Italiako Giroa, adibidez. Eta lan pila bat egiten duzu helburu hori lortzeko. Lasterketa egin eta hurrengo egunean ja beste helburu bat ezartzen duzu, eta horretarako hasten zara lanean. Momentu horretan ez zara kontziente lortu duzun guztiaz.
Baina, orain, txirrindularitza uztera nindoanez beste perspektiba batekin ikusten hasi nintzen, eta konturatu nintzen lortutako helburu horiek guztiak politak direla, noski, baina azkenean garrantzitsuagoak direla ezagutu dituzun pertsonak, bizitako momentuak eta horiek norekin pasa dituzun. Bizitza guztirako eramango duzu hori.
Beti izan al duzu pentsakera hori? Goren mailan aritzeko ametsa egi bihurtu zenuenean irabazteko gosea izango zenuen. Nola aldatu da Ane urteetan zehar?
Urteekin aldatzen joaten gara. Etapa ezberdinak bizi izan ditut txirrindularitzan. Jarduera asko egiten nituen txikitan: futbola, euskal dantza, klakea, balleta… Denetik pixka bat. Niretzat txirrindularitza jolas bat zen. Gero, urteekin konturatu nintzen profesionala izan nahi nuela eta honetaz bizitzen saiatu nahi nuela. Lan asko egin nuen amets hori lortzeko.
Behin profesionala izanik etapa ezberdinak bizitzen dituzu. Hasieran hobetzen joan nahi duzu. Hobetzen duzunean lehen hamarren artean kokatu nahi duzu, eta behin hori lortuta podiumera salto egin edo beste zenbait helburu jartzen dituzu. Baina azken urteetan, Laboral Kutxan nengoela, konturatu nintzen nire helburua beste bat zela. Noski, lasterketetan ondo ibili nahi nuen, baina taldeari beste bultzada bat ematea ere bazen nire helburua, eta nire esperientziarekin atzetik datozen txirrindulariei laguntzen saiatu nahi nuen. Azken urtean batez ere konturatu naiz helburu profesionalez gain beste zenbait gauza garrantzitsu ere badaudela bizitza honetan.
2019an sortu eta 2021ean profesional bihurtu zen Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa. Euskal Herrian talde erreferente bat sortu izanak bertako neska gazteei gerturatzeko balio izan duela uste duzu?
Argi eta garbi. 11 urte igaro ditut atzerrian hemen [Euskal Herrian] ez genuelako profesionalak izateko aukerarik. Bere garaian Bizkaia Durango eta Debabarrena taldeak zeuden, baina talde oso txikiak ziren. Profesional lizentzia genuen, baina ezin genuen honetaz bizi eta kanpora joan behar izan nuen profesional izateko.
Laboral Kutxa taldea sortu zenetik gertutik jarraitu izan dut. Esango nuke nire momenturik onenean etorri nintzela. Jayco Alula taldean egon nintzen azken urtean [2021etik 2023ra egon zen talde australiarrean], hamargarren egin nuen Giroan eta Tourrean zortzigarren bukatu nuen sailkapen nagusian. Orduan pentsatu nuen momentu ona zela etxeko taldera bueltatzeko eta euskal txirrindularitzari beste bultzada bat ematen saiatzeko.
Egia esan, lan horrek bere fruituak eman dituela sentitu dut, eta ziur nago atzetik datozen txirrindulariei asko lagunduko diela; izan ere, talde erreferente bat da. Txirrindularitzan hasi nintzenean ez genuen talde erreferenterik. Oso zaila zen emakumeen txirrindularitzan jarraitzea eta ez genuen profesional izateko esperantzarik, azken finean, ez zegoelako aukerarik. Talde honekin sentitzen dudana da emakume zein gizonak aukera berberak dauzkagula.
- Eibar Hiria Sari Nagusia. Santestebanen agurra. Miguel Ena / Sprint Cycling Agency
Zaila egin al zaizu emakume erreferenterik ez izatea?
Bai. Azkenean, erreferente bat izateak asko laguntzen du amesten duzun hori lortzen. Txikia nintzenean Joane Somarriba ezagutzen nuen, baina bere liburua erosi nuelako. Gogoan dut 8-10 urterekin esfortzu proba bat egin nuela ikastetxean eta medikuak esan zidala: «Oso datu onak eman dituzu. Txirrindulari profesional izan zaitezke eta itzulietan ondo ibili, oso ondo errekuperatzen duzulako, Joane Somarriba bezala». Eta pentsatu nuen: «Nor izango ote da?».
Gurasoei galdezka hasi eta liburu bat oparitu zidaten. Urte haietan, ordea, ezin zen emakumezkoen txirrindularitzaren jarraipenik egin eta ezin zenuen profesional izatean amestu ere egin. Gero, bai. 15-16 urterekin Leire Olaberria izan nuen erreferente gisa, herriko taldean ibiltzen hasi zelako. Horrek, esan bezala, asko laguntzen du, bere pausoak jarraitu nahi izateko grina piztu dezakeelako zurengan.
Zure burua gazteen artean erreferente bezala ikusterakoan zer sentitzen duzu?
Ilusioa eta poza ematen dit ikusteak gazte direnek nire pausoak jarraitu nahi dituztela. Trantsizio guztia ikusi dut nik. Hasieran ez zegoen ezer, eta orain, lortu dugunarekin horrela sentitzea oso polita da.
2024an etorri zinen Laboral Kutxa Euskadi Fundaziora. Bi denboraldi egin dituzu bertan. Nola bizi izan dituzu azken bi urteak?
Urte oso ezberdinak izan dira, baina sentitzen dut nire ametsa egi bihurtu dela. Txikitatik esan izan dut etxeko lasterketa batean eta etxeko talde batean bukatu nahi nuela, eta bere garaian hori ezinezkoa izango zela pentsatzen nuen, ez zegoelako aukerarik.
Oso urte politak izan dira, batez ere euskal txirrindulariekin konpartitu ditudalako: Usoarekin [Ostolaza], Naiarekin [Amondarain], Idoiarekin [Eraso]. Taldekideak baino gehiago nire lagunak dira. Eta nahiz eta bidean oztopo edo arazo batzuk eduki ditudan [2024ko urrian endometriosia diagnostikatu zioten], oso politak izan dira eta lan handia egin dut taldea laguntzen saiatzeko.
Duela 11 urte joan zinen kanpora. Nolakoa zen ordu hartako txirrindularitza gaur egungoarekin alderatuta?
Ez du zerikusirik. Emakumeen txirrindularitza asko aldatu da, eta batez ere esango nuke pandemiatik hona are gehiago aldatu dela. Txirrindularitzan hasi nintzenean oso txirrindulari emakume profesional gutxi zeuden, hamar bat izango ziren, eta lasterketak beti berberek irabazten zituzten. Batzuen eta besteen arteko aldea oso handia zen. Talde on bakarra zegoen.
Baina azken urteetan talde profesional asko sortu, eta emakumeok profesional izateko aukera dugu. Entrenatzailea, nutrizionista eta altueran entrenatzeko aukera dugu, eta horrek gure maila asko aldatzea eragin du. Oso maila altua dago egun. Duela bost bat urte egiten nuen indarrarekin orain ez nuke ezer egingo, ez nintzateke lehen berrogeita hamarren artean ere sartuko.
Italiara joan zinen aurrenik, Alé Cipollini taldera, 2014an. Nola gogoratzen dituzu bertan eginiko urteak?
Esperientzia polita, baina aldi berean gogorra izan zen. Etxeko taldeetan ibili ondoren bat-batean Italiara bakarrik joatea, hizkuntza jakin gabe, eta inor ezagutu gabe… Ez nuen talde profesional baten dinamika ezagutzen. Jende helduagoarekin egin nuen topo, eta gogoan dut oso argi zutela bere lana zein zen. Esperientzia gogorra izan zen, baina asko ikasi nuen. Beti esan izan dut Italiara Ane bat joan eta beste bat itzuli zela.
Talde italiarrean zinelarik auto batek harrapatu zintuen 2017an. Une gogor horren ondoren zure arriskuaren pertzepzioa aldatu zela sumatu al zenuen?
Bai eta ez. Lehenengo urteetan beldur asko pasa nuen, entrenatzen zein lasterketetan. Gerora pertzepzio hori aldatu eta beldurra murriztu zitzaidan. Baina azken urteetan, adinagatik edo, kontzienteago naiz zer arrisku dauden errepidera entrenatzera ateratzean edo lasterketetan. Horrek lagundu dit erabaki hau hartzen. Lasterketetan beldur asko pasatzen nuen eta zenbaitetan zaila egiten zitzaidan disfrutatzea.
Emakumeen txirrindularitza asko aldatu da. Diru gehiago dago, eta jendeak presio gehiago dauka lasterketetan emaitza onak lortzeko. Horrek esan nahi du presioarekin beste modu batean ibiltzen zarela pelotoian. Igoera bat datorrenean badakizu bai ala bai aurrean sartu behar zarela. Orduan, gehiago arriskatzen duzu. Jendea ukitu, apartatu eta arrisku gehiago sortzen da. Tentsio gehiago dago.
Ondoren Alemaniara (WNT Pro Cycling) eta Australiara (Jayco Alula) joan zinen. Nolako esperientziak bizi izan zenituen bi talde horietan?
Esperientzia oso politak izan ziren. Nire ametsa egi bihurtu zen: profesional bihurtu nintzen. Baldintza onak nituen; soldata, materiala… Eta nire emaitzak pixkanaka hobetzen joan ziren. Asko disfrutatu nuen urte horietan, batez ere Jayco Alulan. Emaitza onak ere horregatik lortu nituen, jendearekin asko disfrutatu nuelako.
Esana duzu txirrindularitzari lotuta jarraituko duzula… Pentsatu duzu zein modutan?
Oraindik goiz da jakiteko. Urte asko izan dira gauza berbera egiten. Gure errutinak oso garbiak dira. Jaiki eta banekien zer gosaldu behar nuen entrenamenduaren arabera, zer bazkaldu behar nuen. Errutina bat zen, eta hori aldatzea, jakitea zer nahi duzun egin, kosta egiten da. Argi dut txirrindularitzan jarraitu nahi dudala, eta momentuz zuzendari izateko kurtso bat egiten ari naiz.


