"Gizalegearen kontrako ekintzak" egin dituzte Jaizkibelen
Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako hainbat seinale kaltetu eta margotu, eta Jaizkibelen ibilgailu motordunen joan-etorriak arautzen dituen ordenantzaren aurkako pankartak agertu dira. Hondarribiko Udalak eta Azeri Ehiza elkarteak ekintza horiek gaitzetsi dituzte.
Aste honetan Hondarribiko Udalak eta Azeri Ehiza elkarteak Jaizkibelen izandako “gizalegearen kontrako ekintzak” gaitzetsi dituzte. Izan ere, egunotan Jaizkibel mendian Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako hainbat seinale kaltetu eta margotu egin zituzten, eta Jaizkibelen ibilgailu motordunen joan-etorriak arautzen dituen ordenantzaren aurkako pankartak agertu dira.
Udalak eta Azeri Ehiza elkarteak jokabide horiek “onartezintzat” jo ditu eta elkarteak argi utzi nahi izan du jarrera horiek ez dituztela “inolaz ere” Jaizkibelgo erabiltzaile gehienen jarrera ordezkatzen. Are, gaineratu dute horrelako jokabideek ez diotela inolako mesederik egiten ehiztari kolektiboari, eta ziurtatu dute “gehiengoak mendia errespetatzeko konpromisoa” duela.
Udalak prozesu parte hartzaile zabala abiatu zuen 2025eko otsailean Jaizkibelgo pistak eta baso bideak kontserbatzeko helburuarekin. Gogoratu dute prozesuan zehar udalak bilerak egin zituela inplikatutako eragileekin, “haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko asmoz”.
Hala, Azeri Ehiza Elkarteak egindako proposamenetako batzuk ordenantzan jaso dituztela eta elkarrizketekin jarraitzeko “borondatea” dutela azaldu dute bi aldeek.
Azkenik, herritarrei “errespetuz eta erantzukizunez joka dezaten” eskatu diete, eta “edonolako indarkeria edo gizalegearen aurkako jokabideak baztertuz”.

