Elkartasuna, kirola eta Beñat Elzo ardatz
Hamargarren Beñat Elzo mendi lasterketa egingo dute bihar goizean (azaroak 1). Irabaziak ATR-X elkartera bideratuko dituzte. Urteroko ordutegi berak errespetatuko dituzte.
Beñat Elzo Mendi Lasterketa hondarribiarren egutegian gorriz markaturik dagoen hitzordua da. Azaroaren 1ean egiten da urtero, eta aurtengo ekitaldian X. urteurrena ospatuko dute. Beñat Elzo hondarribiarraren oroimena bizirik mantentzeko lasterketa izateaz gain, izaera lagunkoia duen mendi lasterketa da. Egun horretan 800 pertsona baino gehiago biltzen dira Hondarribiko Kirol Kaian. Familia ibilaldian, mendi lasterketan edota haur lasterketan parte hartzen dute.
Lasterketa hamar urtez antolatu izana «ohore» bat dela adierazi du Beñat Olazabal antolatzaileak; izan ere, hamar urte hauetan zehar hainbat elkarte txiki ezagutarazten lagundu dute, eta horiei ekarpen ekonomikoa ere egitea lortu dute. «Guretzat oso polita da. Aurten, urte hauetako ekarpenak kontuan izanik, 100.000 euro biltzera iritsiko garela uste dut». Beñat Elzoren lauzpabost lagunek antolatzen dute urtero lasterketa, hasieran Biosnar elkartearen laguntzarekin antolatzen zuten. Egun Sport Mundirenarekin.
Diru kopuru hori biltzea ez dela nolanahikoa gaineratu du Olazabalek. Aldi berean, hondarribiarrentzat ez ezik, Elzoren familiarentzat ere egun polit bat antolatu izanagatik «harro» sentitzen direla azaldu du. «Egun honetan Beñatez oroituko dira, ziur. Baina ikustea beragatik beste zenbait pertsona laguntzeko zerbait egiten ari direla, oso polita da».
Hasieratik izan zuten argi ekitaldi solidario bat antolatu nahi zutela, eta izaera hori hondarribiarren baitan txertatzea lortu dutela azaldu du: «Nik ere kamiseta erosten dut urtero, laguntzeko da».
ATR-X elkartea
Aurten, ATR-X gaixotasunaren izen berbera duen elkarte batera bideratuko dute dirua. Hegoi Martin elkartearen ordezkaria mintzatu zen ekitaldiaren xehetasunak azaltzeko egin zuten aurkezpenean: «ATR-X sindromea duen haur baten aita naiz ni. Gaixotasun genetiko bat da, gehienbat mutikoetan ematen dena. Desgaitasun intelektuala eragiten du gaixotasunak, eta horren ondorioz, ikasteko arazoak edota hitz egitea ia ezinezkoa izatea eragiten ditu». Duela urtebete sortu zuten elkartea, sindromea duten haur batzuen gurasoak elkartuz.
Elkarteak helburu argiak dituela azaldu zuen Martinek: «Gaixotasun arraro bat izanik, ikerketa gutxi gauzatu dira orain arte, eta hori da gure helburuetako bat, ahal dugun moduan ikerketak sustatzea». Horrez gain, gaixotasunaren ikusgarritasuna indartzea ere apustu garrantzitsua dela haientzat zehaztu zuen.
Elzoren lagunek ezagunak ez diren gaixoen elkarteei laguntzeko hautua egiten dute urtero. Hasierako urteetan elkarte berari bideratu zioten laguntza hori, baina azkenetan elkarte ezberdinak laguntzeko aukera izan dute.
Laguntza nori bideratu erabakitzerako garaian, nahiko erraz izaten dutela azaldu du Olazabalek. Izan ere, zenbait elkarte beraiekin jartzen dira zuzenean harremanetan, eta aukera badute, beren inguruko pertsonak laguntzen saiatzen dira. Aurten, adibidez, herriko elkarte bat lagunduko dute. «Hegoi Martin, ATR-X elkarteko kidea, gure ezaguna da eta antolaketan laguntzen duen Alain Elzoren kuadrillakoa», azaldu du.
Elkartasuna, kirola eta Beñat Elzo
Bihar, beraz, solidaritatearen eta kirolaren festa handia ospatuko da herrian, Beñat Elzoren omenezkoa. Urtero bezala 10 kilometroko izango ditu Talaia bidetik egiten den ibilbideak. 09:00etan ibilaldiko partaideak martxan jarriko dira, 11:00etan lasterketakoak aterako dira, eta 12:30ean haurren lasterketa egingo dute. Bertan, kamiseta solidarioa erosteko eta elkarteari ekarpena egiteko aukera izango dute, eta sabela goxatu nahi duenak paella solidarioa dastatzeko aukera izango du.
Bertaratu ezin duenak, baina, ATR-X elkarteari laguntzeko bizum bat egiteko aukera izango du. Horretarako, mugikorreko app-ean bertan Eman atalera joan beharko da, eta bilatzailean GKEaren izena (Sport Mundi) edota kanpainaren zenbaki identifikatzailea (10122) idatzi beharko da. Segidan, nahi den kantitatea idatzi eta eragiketa ohi bezala burutu beharko da.

