Euskaltegia jasangarriagoa izateko lanak hasi dituzte
Eraikinak izan dituen "galera termikoak" ekidin eta bertako irakasle zein ikasleen "erosotasuna eta eguneroko jarduna" hobetuko dituzte. Aurrekontua 135.766,48 eurokoa izango da.
Hondarribiko Udal Euskaltegia jasotzen duen eraikina jasangarriagoa izateko helburua duten lanak martxan jarri berri ditu udalak. Izan ere, eraikinak “galera termikoak” izan ditu eta horiek ekiditeko eta bertako irakasle zein ikasleen “erosotasuna eta eguneroko jarduna” hobetzeko egingo dituzte lanak. Obraren aurrekontua 135.766,48 eurokoa izango da.
Zehazki, isolamendu termiko berria instalatu eta bi mantsarda jarriko dituzte, eraikinean argi gehiago sar dadin. Estalkiaren birgaitzea amaitzen dutenean, galdara berritzeari eta eguzki-plakak instalatzeri ekingo diote. Hala, eraikinaren jasangarritasuna eta energia-autonomia sendotuko dituzte.
Lan horiez gain, legealdi honetan beste hainbat hobekuntza egin direla gaineratu du Garoa Lekuonak: “Bizikletentzako aparkalekua sortu eta sarrerako ate berria jarri zen, sarrera irisgarria izateko”.
Zinegotziak, azkenik eraikin publikoak eguneratzeko konpromisoa dutela gaineratu du, “herritarren beharrak entzun eta guztion bizi-kalitatea hobetzeko helburua baitugu”.

