Abenduaren 6tik 8ra izango da Be Veggie jaialdiaren zazpigarrena
"Bizimodu guztiz begetal baten inguruan elkartzeko, ikasteko eta ospatzeko" espazioa da jaialdia. Zenbait jarduera egingo dituzte, hitzaldiak, kasu.
Azaroaren 1a Beganismoaren Nazioarteko eguna dela aitzakia gisa hartuta, jakinarazi dute aurten Be Veggie jaialdi beganoaren zazpigarren edizioa egingo dutela Ficoban. Aurtengo topaketa “forma hartzen” hasi dela diote, eta jakinarazi dute jardueren programa zabala ari direla ontzen. Ildo horretatik, zehaztu dute dibertsitatez betetako topagune aberatsa izango dela, eta “gozatzeko eta ikasteko aukera” izango dutela bizimodu kontziente, etiko eta jasangarriago baten aldeko interesa dutelako bertaratzen diren guztiek. Jaialdi horrek, hala nola, elikadura, aktibismoa, jasangarritasuna eta komunitatea uztartzen ditu, betiere “jai giroan eta espazio eroso batean”.
Aurtengoan, alabaina, jaialdiak “ideietatik ekintzetara” pasatzea gonbidatzen ditu bertaratzen direnak, eta ideia horri tiraka hiru ildo nagusi bereizi dituzte: jan, ekin eta ikasi.
Lehen terminoari erreferentzia eginez, argi utzi dute elikadura osasungarri, goxo eta %100 begetal baten alde egiten duten enpresak biltzeaz gain, showcooking saioak egingo dituztela. Horrelako saioekin lau haizetara oihukatu nahi dute “animalien kontrako krudeltasunik gabe ere posible dela jaki goxo, original eta osasungarriak prestatzea”.
Bigarren hitzari, ekin hitzari tiraka, zehaztu dute beren eredu eta konpromisoari esker inspirazio iturri diren aktibistak, komunikatzaileak, sortzaileak eta profesionalak elkartuko direla Ficoban, eta hausnarketa eta aldatzeko grina pizteko hitzaldiak emango dituztela. Horren adibide da Miriam Jimenez Lastra, eta hark beganismoaren, feminismoaren eta ekologismoaren arteko bidegurutzea aztertuko du “begirada kritiko eta inklusibo batekin”.
Era berean, animalien gaineko esperimentazioari buruzko solasaldia ere egingo dute Pablo de la Chicak eta Lucia Aranak. Infiltrada en el búnker dokumentala ondu dute biek, eta Espainiar Estatuko ikerketa zentroetan egindako ikerketan bildutako zenbait irudi eta esperientzia partekatuko dituzte hitzorduan.
Musika eta jarduerak ere bai
Ikasi, azken hitzari dagokionean, nabarmendu dute Be Veggie ikaskuntza kolektiborako gune bat ere badela, eta hortaz, zenbait adituk hainbat gai jorratuko dituzte, espezieen arteko diskriminazioaren aurkako komunikazioa, egituratutako aktibismoa, moda etikoa eta sareetan eragina duen dibulgazio zientifikoa, kasu.
“Aldaketa ospatu ere egin behar delako”, zuzeneko musika izango da jaialdiak iraungo duen bitartean; Ane Arzelus artistak, gainera, Be Veggien inspiratutako horma irudi bat egingo du zuzenean.
Aurtengo edizioari dagokionean, Ekoetxea Txingudik Escape Box TerminUs ekarriko du jaialdira; ihes joko bat da, eta proba ezberdinak eginez TerminUS zer den argitu beharko dute: “planeta aldatzeko eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko azken aukera, gure ohiturak eta eguneroko ekintzak aldatuz”. Jokoaren helburu nagusia da parte hartzaileek lankidetzaren eta dibertsioaren bidez ikastea zein portaera diren jasangarritasuna bultzatzen dutenak eta nola ekintza txiki indibidualek ekarpen handia egin dezaketen klima aldaketaren aurkako borrokan.
Abenduaren 6tik 8ra izango da aurtengo edizioa, eta sarrerak eskuratzeko zein informazio gehiagorako esteka hau baliatu behar da.


