Dendrokronologiaz arituko dira Oiasso Museoan
Zuhaitzen hazkundearen urteko eraztunak aztertzen dituen zientziaz mintzatuko dira, azaroaren 5ean, 19:00etan.
Dendrokronologiaz mintzatuko dira azaroaren 5ean Oiasso museoan. Zuhaitzen eraztunak datatzeko zientzia da dendrokronologia. Josue Susperregi Arkeolan Fundazioko dendrokronologia laborategiko arduradunak eta Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzako Ondare Historiko Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko arkeologoak bideratuko dute solasaldia. 19:00etan egingo dute.
Arkeolaneko laborategia Iberiar penintsulako dendrokronologia zentro bakanetako bat da. “Datazioak ezartzeko behar diren kronologia nagusiak edo erreferentziak egin dituzte bertan, XII. mendearen amaieratik gaur egunera bitartekoak. Horrela, gure ondare historiko eta artistikoaren hainbat elementuri buruzko aurkikuntza garrantzitsuak egiten lagundu du: baserriak, jauregiak, ibai-presak, kaiak, itsasontziak, zurezko altzariak eta abar”, adierazi du Irungo Udalak ohar bidez.
Hitzaldian laborategian egindako ikerketetaz mintzatuko dira. Duela 25 urte ireki zuten, eta hainbat proiektuetan izan dira egurrak aztertzen. Sarrerak libreak izango dira, lekua bete arte.

