Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatuko dute asteburuan
Ostiralean da nazioarteko eguna, eta irakurketa bat egingo dute, goizean. Igandean proiekzio batekin bukatuko dute programazioa.
Zuloaga Etxea, Hondarribiko Kale Nagusian Liburutegiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, egun bereziak antolatu ditu Hondarribiko liburutegiak. “Irakurketa taldeetako, tailerretako eta liburutegiko erabiltzaile eta langile guztiak gonbidatu nahi ditugu ekitaldi hauetan parte hartzera. Liburutegia eraikin soil bat baino askoz gehiago da, pertsona guztion artean sortzen dugun espazioa da, eta ekitaldi honekin bere balio sozial eta kulturala nabarmendu nahi dugu”, adierazi dute liburutegitik.
Ostiralean da nazioarteko eguna, eta ostiralean bertan, 11:00etatik 13:30era Lupe Calvok idatzitako Pertsona izatearen balioa: Lourdes Inañez de Gauna, gizarte ekintzan aitzindaria liburuaren irakurketa egingo dute, liburutegian. Larunbatean, liburutegia kalera aterako dute, San Pedro kalean postu bat jarriz. Igandean, asteburuari amaiera emateko, Papillon zineklubarekin elkarlanean Carlos Sauraren Deprisa pelikularen emanaldi berezia eskainiko dute.

