Eguberrietan argi gehiago jarriko dituzte
Azaroaren 29an piztuko dira, eta Irungo auzoetan zehar leku berrietan argiak izango dira. 200.000 euro inguruko aurrekontua izango da.
Zabaltza plaza, Eguberrietako argiz apainduta. Irunen gutxi falta da Eguberriak iristeko. Hasi dira argiak jartzen, eta azaroaren 29an piztuko dituzte. Aurten, Irungo Udalak iragarri du argi gehiago jarriko dituztela hiri osotik zehar. Argien instalazioaren lehen fasea martxan da, eta kalean alanbreak eta elikadura kableak ikusi daitezke. San Juan plaza, Kale Nagusia eta Foruen karrika gehiago argiztatuko dituzte aurten, eta auzoetan, txoko ezberdinetan, lehen aldiz jarriko dituzte argiak.
Iazko Eguberrietako kanpainaren harira, Irungo lehenengo alkateorde Nuria Alzagak adierazi du hiritarrek auzoetan argi gehiago eskatu zituztela. “Eskaerari erantzun, eta, eguberri hauetan, kale gehiago girotuko ditugu argiak jarrita, argitzen ditugun leku berrietako ostalaritza eta merkataritzaren mesedetan. Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko Arloak urtetik urtera eguberriak hobeak izan daitezen lanean jarraitzen du”, esan du Alzagak.
Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Alvarezek azaldu du erdigunetik urrun dauden auzoetan argi berriak jartzeko LED mikrobonbila efizienteak erabiliko dituztela. “Koloretsuak eta distiratsuak izango dira, eta mugimendu sentsazioa emango dute”. Udalak adierazi duenez, argiek diseinu bolumetrikoak izango dituzte, hiru dimentsioko efektuak izango dituztenak. “Egunez apaindu egiten dute, eta gauez, argitu, baita argia erabiliz zein argirik gabe bolumen eta forma apaingarriak sortzen”, adierazi du udalak ohar bidez.
Leku eta egitura berriak
Elur malutak, izpiak, zuhaitzak… denetarik izango da Irunen zehar. Aurten, berritasun modura, 21 metroko altuerako eta 9 metroko diametroko zuhaitz bat jarriko dute. Zuhaitz horrek argi eta musika ikuskizun bat proiektatuko du bere baitan. Argitzapen kontratuaren esleipena Maykolux SL enpresari dagokio, eta aurrekontua 200.000 euro ingurukoa da.
Azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra izango diren argien ordutegiak iragarri ditu udalak. Udaletxean eta San Juan plazan ez dira argiak itzaliko eta auzoetan 23:00ak arte egongo dira. Kale Nagusian, Foruen Karrikan, San Martzial kalean, erdigunean, biribilguneetan eta merkataritza dinamizatzeko lekuetan, 02:00etan itzaliko dira, baina abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean 08:00etan. Bestalde, argiteria sare publikora konektatuta dauden lekuetan, hori bera itzaltzean itzaliko dira.
Aurten, hainbat leku berritan jarriko dira argiak:
-
San Juan plazan albo bateko bi zuhaitz handi argiz apainduko dira, argizko sabai bat jarriko da taberna eta jatetxeen ondoko pasealekuan, eta Almudena Grandes plazatxoko sei zuhaitz argiz apainduko dira.
-
Udaletxearen atzealdean, Jesus eta Prudencia Arbide karriken arteko izei handia apainduko da.
-
Karrika Nagusia eta Foruen Karrika areago argituko dira: hurrenez hurren, sei arku eta bost arku jarriko dira.
-
Anakan argi gehiago jarriko dira, Anaka kaleko 40 zenbakiko geralekuko erdibitzailean eta Aldabe Mendia kaleko markesinaren pareko biribilgunean.
-
Caser Anaka egoitzan, argiak jarriko dira zuhaitzetan, eta, San Migelen, 23 zuhaitz apainduko dira: zazpi Lezo kalean, hamabi Lucas de Berroa kalean eta lau Geltoki kalean, elizaren atzealdean.
-
Artian, bost farol apainduko dira 58 Poligonoan, eta zazpi Darío Regoyos kalean.
-
Larreaundin, bi arku jarriko dira Iñigo de Loiola kalean.
-
Belaskoenean, hamabi zuhaitz apainduko dira Marinel kalean.
-
Nagore Laffage parkean, bi pergola apainduko dira.
-
Olaberrian, hamar zuhaitz jarriko dira etxebizitzen parean.

