Arratoien ugaritzearen aurrean presaz jarduteko eskatu du EAJk
Jeltzaleen ustez, dagoen karraskari kopuru ugariak osasun publikoko arazo bat ekar dezakete herri osoan zehar.
EAJk adierazi du Hondarribiko hainbat lekutan arratoiak ugaritzen ari direla, eta hori bera udalak presaz konpondu beharko lukeela. Jeltzaleen ustez, Butroi pasealekuan, Portuko elizaren inguruetan, Santa Engrazian eta Jaizubian agertzen diren karraskariek osasun publikoko arazo bat ekar dezakete herri osoan, eta horren aurrean udalak garbiketa sakona egin beharko lukeela.
Hiriko garbitasunak eta osasungarritasunak “lehentasuna” izan behar dute. EAJk iragarri du azken asteetan bizilagunen hainbat kexa jaso dituztela, eta dagoeneko udalean haien kezka aurkeztu dutela, erantzunik jaso gabe. “Arratoiak hiltzeko zerbitzu eraginkorrak kontratatu beharko dira”, azaldu du EAJk ohar bidez.

