Tokiko garapena eta enplegua sustatzeko plan pilotua
Bidasoa Biziriken bidez Irun eta Hondarribiak hartuko dute parte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak bultzatutako prozesu pilotuan.
Tokiko garapena eta enplegua sustatzea dute helburu, bi udalerrietako diagnostiko zehatza eginda.Bidasoa Bizirik Tokiko garapena eta enplegua sustatzeko plan pilotua jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak, eta Irun eta Hondarribiak prozesuaren fase pilotuan hartuko dute parte Bidasoa Bizirik agentziaren bitartez. Bi udalek Bidasoa Bizirik agentziari laguntza teknikoa eta estrategikoa emango diote Irun eta Hondarribiko ehun ekonomiko eta sozialaren arteko elkarlana koordinatu eta bultzatzeko.
Aurten Enplegu eta Toki Garapeneko Plan Pilotua diseinatuko du Bidasoa Bizirikek. Horretarako bi udalerrietako egoera sozioekonomikoaren eta enpleguaren diagnostiko zehatza egingo du, garapen ekonomikoa eta laneratzea bultzatzeko lehentasunezko helburu eta ekintzak definituko ditu, eta jarraipen eta ebaluazio mekanismoak diseinatuko ditu ezarritako neurrien eraginkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko.
Prozesuak tokiko ehun ekonomiko eta sozialaren ikuspegia eta eskarmentua aintzat hartuko dituela azaldu du Bidasoa Bizirikek, eta horretarako kontraste lana egingo dute Irungo gizarteratze Mahairekin, Irun Ekintzan eta Hondarribia Abian sareekin, “datozen egunetan deituko ditugu hiru lan mahaiak, lurralde osoaren beharrak eta aukerak islatuko dituen diagnostiko parte hartzailea egiteko”.
Eskualdea tokiko enplegu politiken eredu berrien abangoardian kokatuko duela fase pilotuak adierazi du Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak. Eta gaineratu du, tokiko errealitatea ezagututa eta eragile guztien parte hartzearekin eraiki nahi dituztela garapen estrategiak.
Irunek eta Hondarribiak lankidetzan eta baterako plangintzan oinarritutako lan eredua partekatzen dutela azaldu du bestalde Estitxu Urtizberea agentziaren presidenteordeak, prozesu horri esker politika eraginkorragoak diseinatu ahalko ditugu, pertsonei eta Bidasoko ekoizpen sareri egokituak”.
Fase pilotua bukatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakunde guztietara zabaltzea aurreikusita dago tokiko garapeneko planak egiteko prozesua; baita hala eskatzen duten 10.000 biztanletik beherako erakundeetara ere. 2027an izango dela hori esan dute.
Kalitatezko enplegua bermatzea dute helburu, iraunkorra eta udalerri bakoitzaren erronka zehatzetara egokitua.

