Sei milioi euroko balioa dute PSE-EEren proposamenek
Hiri "solidarioa eta atsegina" sendotzea dutela helburu bere proposamenek azaldu du alderdi sozialistak.
Udal aurrekontuan txertatzeko sei milioi eurotik gorako balioa duten proposamenak aurkeztu ditu alderdi sozialistak. Hondarribia “bidezkoagoa” eta “bizigarriagoa” eraikitzea duela helburu horien bidez azaldu du, “inor atzean” gera ez dadin: “Gobernu taldeak aurkeztu dituen kontuak hobetzea da helburua, herritarren benetako beharretara bideratuta”.
Etxebizitza jarri du lehentasun PSE-EEk proposamen horietan, eta hori horrela, ezinbestekoa jo du udalak lurzoruak erostea alokairuzko edo tasatutako etxebizitza publikoa eraiki ahal izateko. Horretara, hiru milioi euroko diru zatia bideratzea proposatu du alderdi sozialistak: “Helburua lurzoruaren eta etxebizitzaren kudeaketa publikoa bermatzea da, Etxenikeneako egungo Hiri Antolamendu Plan orokorrak jasotzen duen formula pribatuak saihestuz”.
Alderdiak gaineratu du etxebizitza ezin duela “interes pribatuen” edo “espekulazio eragiketen” menpekoa izan, “lehentasun publikoa izan behar du”. Hori horrela, beren eredua eman du ontzat, “etxebizitza publikoa, lurzoru publikoa eta kudeaketa publikoa”. Horrela baino ezingo dela bermatu gazteek independizatu ahal izatea eta bizitza Hondarribian egitea gaineratu du.
Etxebizitzen prezioen garestitzeak eragin dien familiei laguntzeko 250.000 euroko diru zatia proposatu du alderdi horrek, halaber. Gainera, etxebizitza udal sozietate publiko bat sortzea ere proposatu du PSE-EEk, eta horretara 150.000 euro bideratzea, “Tudelenean, Presan, Muliaten, Karmelitasen eta Etxenikenean etxebizitzen eraikuntza kudea dezan. Horrekin batera, etxebizitza hutsen mobilizazioa, pisu turistikoen erregulazioa, eta eremu tentsionatuen esku hartzea sustatu dezala ere proposatu dugu”.
Musika Eskolaren izaera publikoa indartzea ere jarri du helburu alderdi sozialistak, eta horretarako 50.000 diru zatia bideratzea proposatu. ez dira proposamen bakarrak, Eroski eta Javier Ugarte guneetan aparkaleku publikoak sortu, Alde Zaharra eta Itsas Armadara iristea erraztu eta auzoetako saturazioa arintzeko neurriak ere proposatu ditu.

