Bide heziketa, "funtsezkoa"
LHko eta DBHko ikasleek nahiz adinekok bide segurtasun irizpideak jasoko dituzte ikasturtean zehar.
Udal ordezkariak eta San Vicenet de Paul ikastetxeko ikasleak, gaur, egitasmoaren aurkezpenean. 2025-2026 ikasturtean ere hiriko ikasleek nahiz adinekoek bide heziketaren gainekoak ikasteko aukera izango dute, udalak, herriko ikastetxeetara nahiz adinekoengana eramango duelako programa, jarduera askorekin. Egitamoak hirian zirkulazio istripuak prebenitzea du xede, eta horretarako tresnak, heziketa eta sentsibilizazioa izango dituzte oinarrian egitasmoan. “Irunen, mugikortasun gaiak funtsezkoak dira”, esan du Sergio Javier udaleko Mugikortasun Jasangarri ordezkariak.
Hiriko Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Mendibil Prestakuntza Zentroko ikasleek jasoko dituzte mugikortasun eta zirkulazio irizpideak ikasturtean zehar. Lehen Heziketakoen kasuan, hiriko hamart ikastetxeetako 2.000 umek parte hartuko dute egitasmoaren barruko saioetan. Bigarren Hezkuntzakoen artean, berriz, Eguzkitza, Toki Alai eta San Vicente de Paul ikastetxeetako kideek jasoko dituzte bizikletan eremu publikoan ibiltzeko irizpideak. Mendibil Prestakuntza Zentroko eta Eguzkitza eta Hirubide ikastetxeetako Hezkuntza Bereziko ikasleek saio espezifikoak emango dituzte, edukiak haien beharretara egokituko baitira. Adinekoekin eta guraso izango direnekin ere egingo dituzte lanketak.
“Bideko heziketa funtsezko tresna da istripuak prebenitzeko eta mugikortasuna segurua eta errespetuzkoa izan dadin bultzatzeko. Ildo horretatik, garrantzitsua da herritarrekin etengabe lan egitea, txikitatik helduarora arte, bideko segurtasuna egunerokoan lantzen baita, heziketaren, enpatiaren eta erantzukizun partekatuaren bidez”, adierazi du Iñigo Berges Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkariak.

