Oskarbi taldeak Gipuzkoa kantua estreinatuko du Hondarribian
Datorren urtean euskal kantugintzan 60 urte beteko ditu Oskarbik. Ez Dok Amairuko garaietatik bakarra da egun oholtza gainean dabilena.
Datorren hilaren 25ean Oskarbi taldeak kontzertua eskainiko du Itsas Etxea auditorioan. Euskararen historia errepasatzen duen Euskara Donemiliatik Gurera ikuskizuna eskaintzeaz gain, Gipuzkoa disko berriaren aurrerapena egingo dute bertan, taldearen hamairugarrena izango dena.
Ilusio handiz bertaratuko dira Hondarribira; izan ere, Hondarribian Gipuzkoa kantu berria estreinatuko dute. “Aurten mila urte dira Ipuscoa hitza lehen aldiz idatzi zela eta gure lurraldeari egindako kantu berria da”, azaldu dute.
Ibilbide luzea duen taldea da Oskarbi. Datorren urtean taldeak 60 urte beteko ditu euskal kantugintzan. Taldeak berak zehaztu duenez, Ez Dok Amairuko garaietatik bakarra da egun oholtza gainean dabilena.
Sarrerak online, Arma Plazan edota leihatilan erosi daitezke 5 euroan.

