Osasun Sailari udal lokalak lagatzeko emandako pausoa, "positiboa"
Cristina Laborda alkateak "positibotzat" jo du ekintza hori, eta berretsi "udalerrian osasun arreta hobetzeko udalak duen konpromisoa".
Osakidetzak atzo jakinarazi zuen aste honetan esleituko duela Irungo lehen mailako arretarako aldi baterako espazio berriaren proiektua idazteko eta obra zuzentzeko espedientea. Azaldu dutenez, Osakidetzak behin-behineko gune hori egokitzeko egingo duen inbertsioa milioi bat euro ingurukoa izango da, eta obrak datorren urtean hasiko dira. Lanak zazpi hilabetean bukatuko direla aurreikusi dute. Irungo Udalak baieztatu du lokal hori lagako diola Osakidetzari: Alarde kalearen eta Euskal Herria etorbidearen artean dago, eta 542 metro koadrokoa da.
Cristina Laborda, Irungo alkatea: “Gaur ospatzen dugu lagapena formalki eskatu izana. Urrats honen bitartez, lankidetzarako gure borondatea eta herritarrekiko konpromisoa berresten dugu”.
Aldi baterako zentroak honako guneak izango ditu besteak beste: administrazio eta onarpen eremua; asistentzia eremua, sei kontsulta mediku eta erizaintzako beste seirekin; larrialdietako eta proba funtzionaletarako gela; itxarongela; edoskitze espazioa; eta langileen eremua.
Bidasoa ESIren 2025-2035 Plan Zuzentzaileak lehen mailako arreta unitateak berritzea eta handitzea du jasoa bere barruan. Behin udalak lokalaren aldi baterako lagapena izapidetzen hasteko erabakia onartuta, horren berri emango dio Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, lagapen espediente ofizialari ekiteko.
Alabaina, alkateak azpimarratu du “oso garrantzitsua” dela jardueren egutegi zehatza zein den, aurreikusitako epeak zeintzuk diren eta Osasun Sailak garatu beharreko hurrengo urratsak zein izango diren ezagutzea.
Era berean, Osakidetzak azaldu du datozen bi urteetan bi osasun azpiegitura berri eraikitzea aurreikusi duela Irunen. Alabaina, proiektu horiek martxan jartzeko zain, “lehentasunezkotzat” jotzen dute pediatriako eremua behin-behinean Alarde eremuko lokal horretara (Irunviren jabetzakoa da) eramatea, “gaur egun espazioak mugatuak baitira eta pediatriako asistentzia guneen baldintzak hobetu behar baitira”.
Bi osasun azpiegitura berri horiek egiteko 23 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo duela adierazi du Osakidetzak. Erdigunean eta Oinaurren eraikiko dituzte.


