Emakumeen talentua balioan jartzeko jardunaldiak egingo dituzte
Kultur Femmerekin elkarlanean antolatuta, hilaren 23rako egun osoko egitaraua antolatu dute Irungo Emakumeen Etxean.
Irungo emakumeen etxean egindako aurkezpeneko irudia. Imanol Saiz Gomez de Segura Emakume artistak: imajinatu, sortu eta ospatu jardunaldiak egingo dituzte Irungo Emakumeen Etxean hilaren 23an Kultur Femmerekin elkarlanean. Nazioarteko Artistaren Eguna da hilaren 25a, eta horren atarian, zenbait ekitaldi egingo dituzte Irunen. Hori handira ospatzeko, egun osoko egitaraua ondu dute, helburua baita “kulturaren arloan emakumeen talentua balioan jartzea, batez ere Bidasoa eskualdean”.
Emakumeen Etxean bertan aurkeztu zuten egitaraua atzo egindako agerraldi batean, eta bertan azaldu zutenez, sinistuta daude jardunaldi hori “berdintasunaren alde egindako etengabeko lanaren isla” izango dela, “batez ere euskal kulturan emakumeen sorkuntza eta ordezkaritzari dagokionean”.
Gauzak horrela, diote hilaren 23an “beren bidea egin eta gaur egun erreferente diren emakumeen lana babesteko eta bultzatzeko” aukera izango dela.
Kultur Femmen izenean Gema Gonzalez eta Aroa Pererak hitz egin zuten atzokoan, eta azaldu Kultur Femmen “garrantzia handia” ematen diotela kilometro zeroko artistak izateari euren jardueretan.
Egitasmoa goizeko hamarretan hasiko da dantza integrala, kreatiboa, konszientea eta bitala batzen dituen ikastaro batekin; Garoa Gartziandiak gidatuko du saioa, eta ondoren, Ainara LeGardonen gidaritzapean, artea, kultura eta jabetza intelektuala ardatz dituen saioa izango da. Olga Grandek hartuko du erreleboa gero zuzeneko podcast batekin, eta goizari amaiera emateko brunch bat eta hitzaldi labur bat emango ditu Cristina Lajasek.
Arratsaldean, berriz, hiru ikastaro egingo dituzte Sara Galan, Idoia Lizeaga eta Marina Aginagaldek: emozioetarako sormena, artisau bitxigintza eta argazkilaritza tailerrak, hurrenez hurren. Ikaskuntza saio horien ondotik Bidasoko emakume artisten mahai inguru bat egingo dute, eta bertan hitz egingo dutenak Isa Muguruza, Susana Ferreira eta Maria Jose Noain izango dira. Azkenik, eguna amaitzeko, lunch bat eta Amane Arearen kontzertua izango dira. Alabaina, egun osoan zehar mural bat egongo da, eta nahi duen orok izango du bertan idatzi edota marrazteko aukera.
Eguneko lehen dantza ikastarorako eta arratsaldeko hiru tailerretarako izena eman behar da hilaren 22a baino lehen Irungo Udalaren webgunean edota Emakumeen Etxean bertan. Beste jardueretako sarrera librea da edukiera bete arte.
Antolatzaileek, azkenik, nabarmendu dute 4 eta 12 urte arteko haurrentzako zaintza zerbitzua egongo dela, baina norbaitek hori baliatzeko asmoa izanez gero 943 50 55 05 zenbakira deitu behar duela abisatzeko.
Emakume artistak: imajinatu, sortu eta osatu
- 10:00-11:00. Dantza integrala, kreatiboa, konszientea eta bitala. Garoa Gartziandia.
- 11:30-12:30. Artea, kultura eta jabetza intelektuala. Ainara Le Gardon.
- 12:45-13:30. Zuzeneko podcasta. Olga Grande.
- 13:30-15:30. Brunch + hitzaldi laburra. Cristina Lajas.
- 16:00-18:00. Emozioetarako sormena. Sara Galan.
- 16:30-18:00. Artisau bitxigintza. Idoia Lizeaga.
- 16:30-18:00. Argazkilaritza tailerra. Marina Aginagalde.
- 18:15-19:30. Bidasoaldeko emakume artistak. Isa Muguruza, Susana Ferreira eta Maria Jose Noain.
- 19:30- 20:30. Luntxa eta Amane Arearen kontzertua.
- 10:00-20:30. Arte ibiltaria; murala.

