Irungo ekosistema sortzailea "sustatzeko"
EKICC egitasmoa hasiko dute bihar, herriko hainbat eragileri haien proiektuak aurrera eramateko laguntza eskainiz.
Irungo Kultura sailaren ekimenez, bihar hasiko da EKICC. Kultura eta sorkuntza munduko eragileak bildu, eta haien proiektuak aurrera eramateko laguntza eskaintzea da helburua. Laguntza hori jakintasunaren bidez emango dute, parte hartuko duten pertsonen bitartez. “Irungo ekosistema sortzailea sustatzea” garrantzitsua da udalarentzat, eta horregatik antolatzen dituzte horrelako egitasmoak.
Lau saioko proiektua da EKICC. Lehenengoa bihar izango da, eta beste hiruak bezala, 16:00etatik 19:00etara izango da, CBAko Kultura eta Sorkuntza zentroan. “Biharko saioa negozio eredu berritzaileen inguruan izango da, eta ereduen diseinuak aztertuko ditugu, Juan Pastor Bustamanteren laguntzarekin”, azaldu du udalak, ohar bidez.
Bigarren saioa Nerea Kortabitartek zuzenduko du. Komunikazio arloa ondo ezagutzen du Kortabitartek, eta berak ikasitako gaitasunak bertaratutakoei azaltzen arituko da. Saio hori urriaren 21ean izango da. Hirugarrena urriko azkena izango da, 28an, digitalizazioari eta adimen artifizialari buruz. Hirugarrena Oihane Pardok bideratuko du. Azkenik, laugarren saioa, azaroaren 4an, Myriam Mirandaren ardurapean emango da, eta finantziaketari buruz.
Izen ematea irekita dago, eta udalaren egoitza elektronikoan egin behar da.

