Hilaren 30era arte aurkeztuko daitezke Amua lehiaketarako lanak
Azaroaren 13tik 15era izango da Amua Musika Laburmetrai Jaialdia, eta egitarau horren barruan bideoklip lehiaketa antolatuko dute bigarrenez. Jaialdian proiektatzeko hamar bideoklip aukeratuko dituzte antolatzaileek.
Azaroaren 13tik 15era bitartean egingo dute Amua Musika Laburmetrai Jaialdia, eta aurten ere, bigarrenez, Amua Bideoklip Lehiaketak tokia egin du egitarauan. Hala, hilaren 30a izango da lanak aurkezteko azken eguna.
Hain zuzen, Euskal Herriko musika taldeei zuzendutako lehiaketa da, eta “parte hartzeko baldintza nagusia bideoklipak euskaraz izatea da”. Aurkezturiko lanek gehienez lau minutuko iraupena izan behar dutela eta musika estiloa librea dela azaldu dute antolatzaileek.
“Zure sormenari bide emateko aukera paregabea” izanik, amuabideokliplehiaketa@gmail.com helbidera bidali daitezke lanak, WeTransfer edo antzeko plataforma baten bidez. Ondoren, antolatzaileek hamar bideoklip aukeratu eta jaialdian proiektatuko dituzte. Horrez gain, 1.000 euro irabaziko ditu garaileak, eta “abesti irabazlea zuzenean aurkezteko aukera izango du jaialdiaren amaiera ekitaldian”.

