Hondarribiarrak, urteko sagardo uzta dastatzeko irrikaz
Sagardo Eguna ospatuko dute larunbat honetan hondarribiarrek eta gerturatzen direnek. Zortzi zuku dastatzeko aukera izango da.
Larunbat honetan (hilak 23) sagardoa barra-barra izango da Hondarribian, urtero lez, Sagardo Eguna ospatuko baitute. Urteko uzta dastatzeko unea heltzear da, eta Muara Kultur Elkarteak dena prest du egun handirako. Orotara, zortzi sagardogileren zukua dastatzeko aukera izango da Madalen plazan jarriko dituzten postuetan. 10 euroren truke herritarrek basoa (nahi adina edateko) eta tortilla pintxo bat jasoko dute.
Sagardo hauek izango dira larunbatekoan: Altuna, Beko Errota, Lizeaga, Larregain, Oialumezar, Ola, Petritegi eta Zabala. 18:00etatik 21:00etara izango da aurtengo sagardoaren festa.
Pintxoak kozinatzeaz Arraunlari, Branka, Danontzat, Medievo, Ondarribi, Tatapas eta Txantxangorri taberna-jatetxeak arduratuko dira.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete jatetxeei, baita Olagarro elkarteari, Antxeta Irratiari eta udalari, egindako esfortzuagatik eta emandako babesagatik.

