Arbesko egoitzara sartzeko bidea eraikitzen hasi dira
Etorkizuneko egoitza berrira sartzeko bidea urbanizatzen hasi dira. Cristina Laborda alkatea eta Gorka Alvarez ordezkaria bertan izan dira.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, Arbesko egoitzara sartzeko bidea urbanizatzeko lanak hasi dituzte. Bertan izan dira Cristina Laborda alkatea eta Obretako,Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkari Gorka Alvarez.
UTE VIAL ARBES enpresa arduratuko da lanez, eta orotara, 2.122.684,90 euroko inbertsioa egingo dute.
Alkatearen arabera Arbesko egoitza “agintaldi honetako proiektu estrategikoetarako bat” da, “gure hiriko behar sozial garrantzitsuenetako bati erantzuten diolako: adinekoentzako kalitatezko baliabideak eta zainketak bermatzea”. Bidea urbanizatzeko obrak hastearekin batera, alkateak aipatu du “urrats erabakigarria” emango dutela “gizarte-zerbitzuetan erreferentzia izango den espazio bat sortzeko bidean, ez bakarrik izango duen dimentsioagatik eta edukieragatik, baizik eta batez ere eskainiko duen arreta-ereduagatik, erreferentea izango baita arretan eta bizi-kalitatean, eta adibide gisa, mendekotasunik ez duten pertsonentzako tutoretzapeko apartamentuak”.
Alvarezek xehetasunak eman ditu: “Irungo Udalak lehenengo pausoa eman, eta sarbidea urbanizatuko du, hiriak laster gizarte zerbitzuak emateko izango duen gune berritzailearen sarrera”. Auzotarrei lasaitauna eta pazientzia eskatu die: “Badakigu lanek ondorioak izango dituztela auzoaren eguneroko bizitzan, baina ziur gaude sortzen den gune berria Arbesen bizi kalitatearen eta egituraren onerako izango dela”, erantsi du.
Lanen barruan etorkizuneko egoitzara sartzeko bide bat eraikiko dute, eta era beran, eraikuntza berria elikatzeko hiri zerbitzuak ematea bermatuko dutela aipatu du alkateak, baita oinezkoentzako bideak izatea eta ingurunea egungo hiri bilbearekin lotuta egotea ere.
Abiatu berri duten lehen fase honetan lurrak soilduko dituzte eta sasiz garbituko dute eremua. Saneamendu lan orokorrak egingo dituzte, ondoren, lurrak finkatuta, bigarren faseari ekiteko. Zuhaitza landatzea ere aurreikusi du udalak.
Lan hauen barruan, Meakako ibarreko bidegorria eta Artiako errekaren paralelo doana lotzen dituen bideogrria ere berrituko dute, hain zuzen, Jose Antonio Loidi BIzkarrondo kalearen atzeko aldean.

