Fermin Muguruza, Mosku dantzan jartzeko prest
Ostegun honetan izango da kontzertu handia, Moskuko jaien barruan. Udalak emanaldiaren gaineko informazio praktikoa eman du.
Ostegun honetan (hilak 14) Fermin Muguruza artista moskobitak etxean joko du, Moskun. Moskuko jaien barruan kontzertu berezia eskainiko du, doakoa. 21:00etan emango dio hasiera emanaldiari.
Udalak jende asko gerturatuko dela espero duenez, Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza Sailaren eta Kultura Zerbitzuaren bitartez, mapa bat osatu du, informazio praktikoa biltzen duena. Herritarren eskura jarriko diren zerbitzuei buruzko informazioa jaso da mapa honetan, hala nola, osasun eta babes zibileko baliabideen kokapenarekin, komunekin, elkargunearekin, txosnekin edo aurreikusitako ebakuazio bideekin.
Gertutik ikusteko aukera ez dutenak lasai egon daitezela, pantaila erraldoi baten bidez ere jarraitu ahal izango baita kontzertua, Sargia plazan jarriko dutela aurreratu du udalak.
Baliabide guzti horiekin batera, puntu morea ere jarriko du udalak, kontzertuan egon daitezkeen indarkeria matxisten aurrean “sentsibilizatzeko, prebenitzeko eta jarduteko”.
Mugikortasun urria dutenentzako plataforma berezi bat jarriko dute, eta bertan 20 lagunek tokia izango dute.
Garraiori erreparatuz, Euskotrenek zerbitzua indartuko du Irun eta Donostia artean.
Informazio gehiago eta mapa, lotura honetan.

