Aurtengo Euskal Jira, "azken urteetako hunkigarrienetako bat"
Udalak eta antolatzaileek 45. Euskal Jiraren inguruko balorazio "oso positiboa" egin dute.
Iragan asteburuan Irun euskal kulturan bete-betean murgildu zen, Euskal Jira ospatu baitzuten irundarrek. Giro ezin hobean igaro zen 45. ekitaldia. Udalak aurtengoaren “oso balorazio positiboa” egin du, eta aurten txertatutako aldaketak ere ongi baloratu ditu erakundeak, “herritarren parte hartzea mantentzeko aukera eman baitute, aurreko edizioekin alderatuta”. Udalak antolatzaileak txalotu ditu, “hartutako erabakiak egokiak izan direlako, baita egindako esfortzu handia eskertzeko ere”.
“Euskal Jirak hazten jarraitzea zen gure helburua, eta lortu egin dugu”, esan du Nuria Alzaga ordezkariak. Haren hitzetan, “aurten sartu diren aldaketek jaia bizirik mantentzeko xedea dute, hiriarekin eta irundarrekin konektatuta egoten jarrai dezan”.
Asteburuak utzitakoari erreparatuta, aurten bederatzi gurdik parte hartu dute, iaz baino bat gehiago. Goizean egindako ibilbidea ikuslez lepo bete zen. Herri bazkaria, aurten berreskuratutakoa, ere oso positiboki baloratu du udalak, ia 600 lagun bildu baitziren Santiagoko pilotalekuan. “Euskal Jiraren ezaugarri da komunitate espiritua, eta hori indartzeko grina bizia genuen. Bazkariari esker, horixe bera lortu dugu”, erantsi du Alzagak.
Iñaki Olazabal Euskal Jiraren presidentea ere oso pozik agertu da 45. honen bilakaerarekin: “aurten, desfileko partaideen, bertaratutakoen eta elkarte antolatzaileen artean, azken urteetako ediziorik hunkigarrienetako bat egitea lortu da. Ilusio berezia egiten digu belaunaldi gazteenek gogo biziz bat egiten dutela ikusteak, horrela jaiaren erreleboa eta jarraipena ziurtatuz”.

