Palestinako zapiarekin desfilatuko dute Jaizkibel Konpainiakoek irailaren 8an
Palestinako genozidioa salatu eta herriari elkartasuna adierazteko eguna ere izango da aurtengo irailaren 8a. Bi zapi erosi ahal izango dira datozen egun eta asteetan.
Palestinaren kontrako genozidioa salatu eta palestinarrei elkartasuna adierazteko eguna ere izango da irailaren 8koa Hondarribian. Izan ere, Jaizkibel Konpainiak zapi berezi bat eramateko gonbita egin die kideei, irailaren 8ko desfilean zein datozen asteotako entseguetan. Ohiko zapi koloretsuaz gain, aurten palestinar zapia (kufiya izenez ezaguna) eramango dute soinean hala nahi duten emakume eta gizonek.
Bi gobernuz kanpoko erakunderekin (Gernika-Palestina eta Etxara) elkarlanean ari da konpainia. Bi zapiren salmenta abiatuko dute aurki. Batetik, aipatutako kufiya hori, eta bestetik, zapi txikiago batzuk. Kufiyak Zisjordaniako enpresa baten bidez eskuratuko dituzte, eta bildutako diru guztia Gazara bideratuko dute.
Galdetegi bat zabalduko dute egunotan sare sozialen bidez, interesdunek eskaerak egin ditzaten.
Zapiak kolore ezberdinetakoak izango direla zehaztu dute konpainiakoek, “Jaizkibelek duen nortasuna mantentzen saiatzeko”. Entseguetan ere jarriko dituzte salgai. Konpainiako kideez gain, hondarribiar orori luzatu diote zapiak erosi eta jartzeko deialdia.
“Hasieratik, Jaizkibel Konpainiako zapi koloretsuak konpainiaren ikur bilakatu dira. Jende askorentzat, agian, hori da gehien definitzen gaituena.
Aurten, ohiko zapiaz gain, Palestina babesteko kanpaina bati bultzada eman nahi diogu”, esan dute konpainiako kideek.

