Danborrada tradizionalik ez aurten, "baliabide ekonomikorik ez dagoelako"
Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak "erabaki mingarri bat" hartu behar izan du: bertan behera uztea urteroko danborrada. Dena den, meza eta Txapelaundi Saria izango dira.
Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkarteak jakinarazi berri duenez, aurten ez da danborrada tradizionalik egingo, besteak beste, “baliabide ekonomikorik ez dagoelako”. Erabaki hau hartzea min egin diela aitortu dute, eta kontziente direla ekitaldi honek “gure auzoarentzat duen garrantziaz”. Danborradaz gain, jakinarazi dute aurten ere ez dela Irun Hiria Musika Bandaren kontzerturik izango, udalak egindako zozketan ez baitzaie tokatu.
Dena den, urteroko meza eta Txapelaundi Sariarekin aurrera jarraituko du auzo elkarteak. Hilaren 16an (larunbata da) izango da.
Horrelako ekitaldiak antolatzeko auzotarren elkarlana ezinbestekoa dela gaineratu dute elkarteko kideek, eta horregatik diote jada lanean ari direla, “ilusioz eta esfortzuz”, datorren urteko danborrada “inoiz baino indartsuago heldu ahal izateko”.

