Erakusleiho lehiaketan izena emateko epea, hilaren 22ra arte
"Merkataritza herriko biziaren partaide egiteko", Jai Nagusietako Erakusleiho Lehiaketa antolatu du Turismo eta Merkataritza Departamentuak bederatzigarrenez.
Heldu dira jaiak, eta horrekin batera zabalik da dagoeneko Jai Nagusietako Erakusleiho Lehiaketan izena emateko epea. Udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak antolatzen du egitasmoa, eta bederatzigarren edizioa du jada.
“Merkataritza herriko biziaren partaidea egitea” helburu, hilaren 28tik irailaren 11ra arte hoberen apaindua dauden establezimenduei emango zaie saria. Martxan dauden eta kalerantz ematen duten herriko establezimendu guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Epaimahaikideek “diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena” hartuko dituzte kontuan, eta 450, 300 eta 200 euroko hiru sari banatuko dituzte.
Orrialde honetan eskura daitezke lehiaketarako oinarriak, eta hilaren 22ra arte eman daiteke izena.

