'Dies Oiassonis' jaialdiaren eragin ekonomikoa aurkeztu dute
Uztailaren 7tik 13ra egin zen 'Dies Oiassonis' jaialdi erromatarra Irunen. 629.160 euroko eragina izan du hirian.
Duela hilabete izan zen Dies Oiassonis jaialdia Irunen, uztailaren 7tik 13ra, hain zuzen ere. Irun Oiasso zeneko garaira bidaiatu zuten bertaratutako parte hartzaileek, erromatar garaia ezagutarazteko 50 jardueratik gora egin baitziren. Horrenbeste jende eta jarduerak hirian eragin handia utziko zuela aurreikusiz, jaialdiaren eragin ekonomikoa neurtu zuen Irungo Udalak, eta emaitzak aurkeztu berri dituzte.
Parte hartzaileengan jarri dute begirada lehenik. Guztira 15.019 pertsonako parte hartzea kalkulatu dute, horietatik %77 (11.490 pertsona) bertakoak zirelarik, %19 (2.894 pertsona) bisitariak eta %4 (635 pertsona) turistak. Jatorriari dagokionez, %77a (11.490) irundarra izan zen. Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako gainerako herrietatik etorritakoak %16a (2.403 pertsona) izan dira. %5a (736 pertsona) Frantziakoa zela adierazi du udalak, eta %1a (165 pertsona) Nafarroakoa. Azkenik, %1a (225 pertsona) Espainiatik etorritakoak ziren.
Jaialdiak guztira 629.160 euroko eragina izan duela ondorioztatu dute. Horietatik 117.940 euro antolaketak eragindakoak izan dira, 496.540 euro kontsumoak eragindakoak, eta azken 14.680 euroak sektore arteko indukzioak eragindakoak.
Biztanleen artean ere balorazio ona izan zuen jaialdiak, hurrengo esaldiak izan baitziren baloratzeko hautatuenak: “Harrotasun eta zoriontasun sentimenduak eragin dizkit”, “Irunen jarduera erakargarri eta gozagarriak antolatzen dira”, “Ez da ia etenaldirik egon eguneroko bizitzan”, “Horrelako jarduerak antolatzen jarraitu behar dela deritzot”, eta azkenik, “Jai giroak pertsonak gehiago batzen ditu”.
Hala, guztira 8,3ko nota jarri diote asteburu hartako egitarauari. Bertako biztanleena izan da nota altuena, 8,4koa, hain zuzen ere. Bisitariek 8,2ko nota jarri diote, eta turistek 8koa.

