Ultra eskuinarekiko erakunde publikoen arduragabekeria salatu du Bor-bor-ek
Ultra eskuinari buruzko gogoeta abiatu du Bor-bor hausnarketa taldeak. Bigarren gogoeta bukatu ondoren, erakunde publikoei "arduraz jokatzeko" eskatu diete.
Irungo udaletxea. Ultra eskuinaren gorakadari buruzko gogoetan murgildua dago Bor-bor hausnarketa taldea. Ekainean kaleratu zuten lehen hausnarketan auzo patruilengatik kezka adierazi zuten; bigarren hausnarketan, ordea, erakunde publikoen, eta batez ere Irungo Udalaren jokaerari buruz gogoetatu dute.
Irungo Udalak eskuin muturrari bidea irekitzen diola ondorioztatu du Bor-bor-ek. Izan ere, “bizilagun gutxi batzuen kexei men eginez, Zubia gizarteratze zentroaren kontra egin du”. “Ardura publikoaz aritu beharrean, orro baztertzaileekin egin dute bat, ultra eskuineko zurrumurruekin”; Zubia zentroari buruz zabaldutako mezuan “ultra eskuinaren markoa erosi” baitu.
Etorkinak jasotzearekiko Irunek gainerako udalerriek baino karga handiagoa duela adierazi izana deitoratu du hausnarketa taldeak. “Ezaguna zaigu argudioa, ezta?” galdetu dute, ultra eskuinaren argudioei erreferentzia eginez.
Udalarentzat Zubia “bazterketa egoerak hobetzeko mekanismoa” baino “arazoa” dela deritzote; are gehiago, “ahalko balu, kendu egingo luke, baina hiriak 60.000 biztanle dituenez, behartua dago horrelako zentro bat izatera”. Bor-bor-eko kideek, ordea, argi dute arazoa ez dela “Zubiako erabiltzaileekin, haren zerbitzutik kanpo geratzen direnekin baizik”. Beraz, arazoa baliabiderik ez dutenek lo egiteko tokirik eta egunean zehar jateko tokirik ez dutela da; “hots, arazoa, Zubiaren falta da”.
Irungo Udalak “Zubiaren lana estali nahi duela” iruditzen zaie. Haatik, “Zubiari esker pertsona askok bizimodua berreskuratu du. Zubiari esker jende askok jaten du egunero (nondik lortuko lukete janaria, bestela?), eta aterpe baten pean egiten du lo (non egingo lukete lo, bestela?)”. Horrez gain, zentroak gizarteratze lanean egiten duen lana balioan jarri du Bor-bor-ek, “baita harremanak egiteko ekimen andana ere”; besteak beste, BAT atletismo taldearekin edo auzo elkarteekin. Baina, ekarpen hori kontuan hartu ordez udalak “men egin eta nahiago du hori dena ezkutatu eta Zubia defendatu beharrean, hura kriminalizatu”. Hala ere, galdera bat egin du gogoeta taldeak: “Zubia ez balego, bertan diren erabiltzaileak non egongo lirateke? Udalak uste du, antza, lurrundu egingo liratekeela”.
Baina, Zubia zentroa ez da Bor-bor-ek jarri duen adibide bakarra. Lakaxita Gaztetxeak eta Moskuko Gaztetxeak eraso faxistak jasan dituztenean, “udalak ez du deus ere esan”. “Era berean, isilik izan da gure kaleak III. Reicha eta nazismoa goratzen duten pegatinez bete direnean”. Hausnarketa taldeko kideen ustez, “isilik” gelditzen “jarrera xenofoboak zilegi direla komunikatzen du eta ultra eskuina gure hirian zabaltzeko lurrak ongarritzen ditu”.
Arduraz jokatzeko deia
Erakundeen arduragabekeria nabari du Bor-bor-ek. Hori dela eta, “arduradun publiko guztiei, Udal Gobernu, teknikari, oposizio eta baita bestelako erakunde publiko guztiei ere (Udaltzaingoa, Zerbitzu Sozialei loturiko erakundeak, Ertzaintza…)”, erantzukizunez jokatzeko deia egin diete. “Eta arduraz jokatzea ez da, gure aburuz, udaletxearen murruen atzean ezkutatzea, hiriaren gertakariei sorgor egotea”. Egoerari erantzuteko lehen urratsa, Bor-bor-en ustez, Irungo mugimendu antifaxistak “oztopatzeari” uztea da.
Horrez gain, ultra eskuina “bataila kulturalean” irabaztearen beharra azpimarratu dute, “haren proposamenak onartezinak direla esan behar da”. Irundar “xumeari” baliabide “kultural eta diskurtsiboak” eman behar zaizkiola uste dute, “bere posizio antifaxista garatu dezan, argi uler dezan zer dagoen segurtasuna eta arrazakeria lotzen dituzten posizioen atzean”. “Zer pentsatuko du, bada, irundar xumeak gertatzen ari denaren aurrean Irungo Udalak ezer esaten ez badu? Normala dela, zer bestela?
Irungo elkarte eta herri mugimenduak ere “erantzukizunez jokatu behar” dutela iritzi dute, baina baita dagoeneko horretan ari direla ere, “ultra eskuinari murrua jartzeko antolatzen”. Baina, Bor-bor-ek ez du uste hori nahikoa denik, eta beste behin “udalak ardura publikoz jokatu behar” duela azpimarratu du, “diskurtso antiarrazista bat garatuz; eta publikoki gauzak aldatuz, pedagogiaz, gertaerei duten garrantzia emanez”.
Bor-bor taldearen hausnarketa osorik irakurgai PDF moduan hemen.

