Emekiren Kaleko Margo Lehiaketa, igandean
18 urtetik gorako herritar orok izena eman dezake igandean bertan Emekiren egoitzan. Iazko lehiaketa irabazi zuen Ricardo Azkargortaren lanarekin egin dute aurtengo kartela.
1994tik egin ohi duen bezala, Kaleko Margo Lehiaketa antolatu du berriz ere Emekik. 31. edizioa da aurtengoa, eta igandean (hilak 10) egingo dute. Parte hartu nahi duen orok igandean bertan Emekiren egoitzan (Molla kalea 1) izena emateko aukera izango du, baina, 18 urtetik gora izatea eta bakoitzak lan bakarra soilik aurkeztea eskatzen dute.
Teknika ugari erabili daitezke: olioa, akuarela, akrilikoa,libre edo mistoa. Margolari bakoitzak bere tresna eta materiala eraman beharko ditu. Hondarribiko Alde Zaharreko edo San Pedro kaleko gune bat aukeratu beharko du parte hartzaile bakoitzak, eta 17:00etatik 18:00etara bitartean aurkeztu beharko du San Pedro kalean jarriko duten gunean. Behin lanak itzulita, erakusketa egingo dute tokian bertan.
Lehen saridunak 1.000 euro eta oparia jasoko ditu; bigarrenak, 700 euro eta oparia; eta hirugarrenak 500 euro eta oparia. Hala ere, epaimahaiak hala erabakiko balu sariren bat banatu gabe gelditu liteke. Gainera, saritutako lanak Emekiren jabetzakoak izango direla zehaztu dute.
Aurtengo karteleko irudia iazko lehiaketako garailearen artelanekoa da, Ricardo Azkargortarena, hain zuzen ere.

