Abotsanitz: "Egoiliarrentzako aparkalekuen proba pilotuarekin nahita dabil gezurretan EAJ"
Jeltzaleek esandakoa gezurtatu eta aparkalekuen arazoa konpontzeko dituzten proposamenak entzuteko "zain" daudela adierazi du Abotsanitzek.
Herriko zenbait kaleetan egoiliarrentzako bakarrik izango diren aparkaleku batzuk erreserbatzeko proba pilotua “inor jakinean egon gabe” abiatu izana salatu zuen atzo Hondarribiko EAJk. Abotsanitz Herri Plataformako kideek, ordea, jeltzaleek esandakoa gezurtatu nahi izan dute.
Ekainaren 5eko Hiri eta Lurralde Antolamendu batzordean bertan, “EAJko kideak bertan zeudela”, udal gobernuak aparkatzeari buruzko azterlan bat egiteko enpresa bat kontratatu zuelaren azalpenak eman zituela adierazi dute, eta enpresak, ondoren, egoiliarrentzako eremu esklusiboak eta bisitarientzako ordainpeko eremuak sortzea gomendatu zuela.
Gainera, enpresak egindako kontaketa baten arabera Portua eta Alde Zaharra dira urte osoan “gehien tenkatutako tokiak” eta honakoa kontuan izanik, uda honetarako Amuten, Pasaia kalean eta Soroetaberrin proiektu pilotu bat ezartzeko proposamena egin zuen enpresak.
Proposamena abian jartzeko, ordea, beharrezkoa zela batzordeko kide guztien onarpena oroitu du Abotsanitzek. “Ekainaren 5eko batzordeko akta onartuak jasotzen duenez”, proposamenak kide guztien aldeko botoa jaso zuen.
Bestetik, auzotarrekin hiru bilera egin dituztela adierazi dute plataformako kideek, “proiektu pilotua azaltzeko eta ea ados zeuden berau martxan jartzeko”. Bilerak uztailaren 29an, uztailaren 30ean, eta hilaren 4an egin zituzten, eta horietan proiektua aurrera eramateko adostasuna azaldu zela esan dute.
Beraz, hori guztia kontutan hartuta, ez dute ulertzen “zergatik darabilten jeltzaleek gezurren beharra”.
Azkenik, EAJk iragarri duen aparkalekuen arazoa konpontzeko proposamenen inguruan mintzatu dira. Izan ere, urtarriletik daude proposamen horien zain. “2024ko urtarrilean 400 aparkaleku berri sortzeko xehetasunak emango zituztela adierazi zuten. Urte t’erdi pasa den honetan, bada garaia horren inguruan ere zerbait publiko egitekoa”.

