'AuzoEKIN' programan parte hartzeko deia egin du udalak
"Bakardade ez hautatuak" eta "hauskortasun sozialak" adineko jendearengan duen eragina arintzeko asmoa du programak. Horretarako, 'auzozain' izateko deia zabaldu du Hondarribiko Udalak.
“Zaintza modu tradizionalak aldatu” eta egungo gizartean “laguntza sare bat izateko zailtasun handiagoak” daudela ikusirik, AuzoEKIN egitasmoa abiatu du Hondarribiko Udalak Zabalduz Kooperatibarekin batera. Programaren bidez, 60 urtetik gorako pertsonengan “bakardade ez hautatuak eta hauskortasun sozialak osasunean eta ongizatean duten eragin negatiboa prebenitu eta arindu” nahi dute, “arreta eta akonpainamendurako sare publiko komunitario bat abiaraziz”.
Proiektuaren ardatz nagusiak “esku hartze sozio-hezitzailea eta aktibazio komunitarioa” izanik, “herritarrak eta herri eragileen sarea indartzea” beharrezkotzat jotzen dute. Hori dela, auzozain izateko deialdia zabaldu die udalak herritarrei: “Auzozain izateko profesionala izan daiteke, auzozain pertsonala edota dinamizatzailea ere”. Auzozain gisa izena emateko auzoekin@hondarribia.eus helbide elektronikoa eta 943 11 12 91 telefono zenbakia erabilgarri jarri dituzte.

