Solas Jolasen bigarren txanda martxan da
Guztira 561 gaztek parte hartuko dute uda honetan Solas Jolas udalekuetan. Bigarren txanda abiatu berritan, Iguiñiz Lekaenea LHIn izan da bisitan.
Udako Solas Jolas udalekuen lehen txanda uztailaren 30ean bukatu zen. Parte hartu duten gazte eta hezitzaileek jarduera andana egiteko aukera izan dute: hondartzara eta igerilekura joan, Eureka Zientzia Museoa bisitatu, eskalada saioa, Pagoeta eta Cristina Eneako natura parkeak bisitatzera joan…
Talde ugaritan egon dira banatuak, eta hezitzaileek parte hartzaileen “egunerokotasuneko hizkuntza ohituretan eragiteko ardura izan dute”. Zenbait modu erabili dituzte horretarako: “euskararen mikrofonoa, asmakizunak eta txisteak, euskarazko kantak, eta abar” Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik gaia izan dute ardatz “euskararekiko atxikimendua eta motibazioa indartzeko”.
Uztaileko txanda bukatuta, abuztukoari ongietorria eman diote jada. Horren harira, Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak Lekaenea LHI ikastetxera bisita egin du. 68 haur ari dira parte hartzen bertan, sei taldetan banatuak, eta zortzi hezitzaile eta koordinatzaile baten ardurapean. Hilabete honetako gai nagusia musika izango dutela jakinarazi du, eta jarduera ugari aurreikusi dituzte: Arditurri meategietara bisita, Albaola Itsas Kultur Faktoriara irteera, igerilekura eta hondartzara txangoa, eta abar.
Hala, Solas Jolas “oporretan hiriko gazteak euskaraz mintzatzeko aukera paregabea” dela adierazi du Euskara ordezkariak. Gainera, “udalekuetako parte hartzaileen errealitate soziolinguistikoa plurala” dela oroitarazi du, eta beraz, “euskal identitatea jarri dute erdigunean, euskal nortasuna ulertzeko, bizitzeko eta definitzeko askotariko moduak daudela oinarri hartuta”. Haurrei “euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzeko” tresna egokia dela iritzi du.
Guztira 561 haurrek parte hartuko dute udalekuetan uda honetan, baita 86 hezitzaile eta hamabi koordinatzailek ere. Gainera, “ahalmen ekonomikoan oinarritutako ordainketa sistema ezarri dutela” oroitarazi du udalak.

