Sare sozialak eta bilatzailea, IrunApp-en berrikuntzak
Irungo Udalaren aplikazioak bertako albiste eta ekitaldiak sare sozialetan partekatzeko aukera eta edukiak errazago topatzeko bilatzaile bat gehitu ditu.
2023ko martxoan Irungo Udalaren IrunApp aplikazioa kaleratu zenetik 3.175 deskarga izan ditu, hortaz, “harrera ona izan du herritarren aldetik”, udalaren ustez. Zenbait zerbitzu eskaini ditu orain arte aplikazioak: “udal gaurkotasunari buruzko albisteak, kultura eta aisialdiko agenda, kexen eta iradokizunen kanalerako sarbidea, eta diru laguntzei, kanpainei eta udal programei buruzko push jakinarazpenak jasotzeko aukera, tasak ordaintzeko epea, eta abar.
Haatik, “herritarrek bere kudeaketak egiteko orduan errazago izan dezaten urratsak ematen jarraitzeko helburuarekin”, bi funtzionalitate berri gehitu berri dizkiote aplikazioari. Batetik, aplikazioko albiste eta ekitaldiak sare sozialetan zabaltzeko aukera gehitu diote, “udal informazioaren hedapena erraztearren”. Bestetik, albisteen bilatzailea gehitu diote, modu errazagoan aurkitu ahal izateko aplikazioko edukia.
Hori gutxi ez, eta webgunean ere berrikuntzak egin ditu udalak. Azalean Izen-emateak eta izapideak epean atalerako sarbide zuzena gehitu dute, herritarrak errazago iristeko egun irekita dituzten prozeduretan, izan izen emateak, diru laguntzen eskaerak, bekak edo udalaren lan eskaintzak.
Gainera, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak (HAZ) egoitza elektronikoan eskuragarri dauden izapideak egiteko bideo tutorial bilduma ekoiztu du, besteak beste, ordainagiriak ordaintzeko, eskola materiala erosteko laguntzak eskatzeko, gaitasun ekonomikoaren arabera ordaintzeko edo udalekuetan izena emateko. Egoitza elektronikoan eta udalaren webgunean ikus daitezke bideoak.

