Osakidetzako zuzendariak Bidasoko ospitalea bisitatu du
Osakidetzako zuzendari eta Bidasoa ESIko kudeatzaile berriak urologia zerbitzua, haur eta gazteen psikiatria zerbitzua eta pediatria indartzeko konpromisoa hartu dute. Hondarribiko eta Irungo EAJk "positiboki baloratu" dute.
Pedro Morrondo izango da Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) kudeatzaile berria aurrerantzean, Marisa Merino ordezkatuz. Hori dela eta, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari berria Bidasoko Ospitalean izan da bisitan. Bilbaok adierazi duenez, “lehentasunetako bat” izango da Bidasoa. Izan ere, Hondarribia, Irun eta Bortzirietako 100.000 biztanle inguru artatzen dituela jakinarazi dute.
Hitzordua baliatuz, abuztuan zehar urologia zerbitzua eta haur eta gazteen psikiatria zerbitzua berreskuratu eta pediatria eredua sendotzeari buruz emango diren aurrerapausoei buruzko informazioa zabalduko dutela argitu dute. “Inoiz aurreikusitako bultzadarik handiena bizitzen ari da” eskualdea, Osasun sailburuak agindutako Plan Integralak 50 milioi euro ingurukon inbertsioa jasotzen baitu.
Horren eraginez, anbulatorio berri bat eraikiko dute Oinaurre auzoan, etorkizunean Gipuzkoa Etorbideko anbulatorioa ordezkatzeko asmoz. Gainera, egungo eskualdeko ospitalearen modernizazioa ere jasotzen du planak; hala, ebakuntza gela eta suspertze unitate bat eraikiko dituzte.
Kudeatzaile kargua hartu berri, ESIko langileekin entzuketa fase bat egingo dutela iragarri du Morrondok: “Lehen egun honetan ESIaren jardueraren eta espazioaren dimentsioa hartu behar dut, baina bihartik aurrera profesionalak entzutean oinarritutako lan metodologia bat zabalduko dut”. Profesionalen itzulia egin ondoren, “erakundeen eta herritarren entzute prozesuari ekingo” dio.
EAJ-ren oharra
Bisitaren harira, oharra helarazi dute Hondarribiko eta Irungo EAJ-k. “Positiboki baloratu” dituzte Bilbao eta Morrondok iragarritako aurrerapausoak, “azken hilabeteetan herritarrek eskatutako zerbitzu publiko bat hobetuko dutelako”. Hala adierazi du Gorka Alvarez Irungo EAJ-ko bozeramaileak: “Hilabeteak generamatzan Irun eta Hondarribiko herritarrei pazientzia eskatzen. Bagenekien osasun laguntzan arazo bat zegoela, baina bagenekien ere Osasun Sailak aurrerapausoak emango zituela berandu baino lehen egoera bideratzeko. Orain hobekuntza horiek ikusten hasi gara, emaitza onekin, eta pazientzia hori eskatzen jarraitzen dugu, guztion artean zerbitzu publikoa hobetzen jarraitu ahal izateko”.
Norabide berean, Gonzalo Carrion Hondarribiko EAJ-ko bozeramaileak “Osasun Sailarekiko konfiantza” duela azpimarratu du. “Pertsona guztiek gertuko, kalitatezko eta baldintzarik onenetan osasun arreta jaso ahal izateko ekintzak laguntzea eta babestea da gure konpromisoa”.
Bi udal taldeetako kideek bat egin dute “Osasun Plan Integrala bizkortzeko eta bultzatzeko konpromisoarekin”.

