June Olazabal: "50. sailkatzea lortu dut; oso pozik nago"
Los Angelesen jokatu den Munduko ILCA4 txapelketan lehiatu da June Olazabal hondarribiarra. Egindakoarekin "pozik", lanean jarraitzeko gogoz itzuli da.
Los Angelesen jokatu den gazte mailako Munduko ILCA4 txapelketatik itzuli berri da June Olazabal. Urrezko taldean sartu eta 50. postuan sailkatzea lortu du. Egindako lanarekin “pozik” bukatu du hondarribiarrak, eta lanean jarraitzeko gogotsu itzuli da.
Nolako esperientzia izan da Munduko Txapelketa?
Nire buruan nuenarekin alderatuta esperientzia ezberdina izan da. Los Angeles (AEB) betidanik ikusi izan dut telebistan, eta oso idealizatuta nuen lekua. Dena den, esperientzia gisa oso polita izan da. Zenbait gertaerek sorpresaz harrapatu ninduten. Adibidez, uste ez nituen emaitzak lortu ditut, eta oso kontentu geratu naiz.
Lehen estropadan, esaterako, lehena izan zinen.
Bai. Txapelketa haize gutxirekin jokatzea espero genuen, baina alderantziz izan zen. Astebete lehenago iritsi ginen bertara, entrenatu ahal izateko, eta lehen bi egunetan haize gutxi izan genuen arren, hurrengo egunetan haizeak nabarmen egin zuen gora. Mentalizatu behar izan ginen mundialean ere haizea izango genuela.
Lehen estropadan haize gutxiago egon zen eta irabaztea lortu nuen. Ezin sinetsi nengoen. Bigarren estropadan 16. amaitu nuen, eta oso emaitza ona da hori ere. Lehen hogei ontzien artean sailkatzea oso zaila da. Hurrengo egunetan haizeak gora egin zuenez zailagoa egin zitzaidan, baina nire %100 eman nuen eta urrezko taldean sailkatzea lortu nuen.
Zer nabarmenduko zenuke estropadetatik?
Mundiala estropada bat gehiago dela uste du jendeak, baina ez da horrela. Munduko bela estropadalari onenak doaz eta bertan dagoen maila oso altua da. Oso zaila da gauzak ondo egitea, eta ranking-eko goikaldean daudenak egunez egun konstanteenak direnak izaten dira.
Estropada guztietan kontzentratuta egotea ez da erraza izaten. Sei eguneko txapelketa da eta egunean bi estropada izaten ditugu. Ordu asko egiten ditugu uretan eta beraz, deskantsatuta mantentzea ez da batere erraza izaten.
Esperientzia honetatik zerbait ikasteko aukera izan duzu?
Bai. Estropada garrantzitsu hauetatik asko ikasten da, batez ere, maila handiko kirolariak daudelako. Aldi berean, zure burua kontrolatzea eta asko deskantsatzea ezinbestekoa dela ikasi dut; izan ere, zure mailarik onena eman ahal izateko ezinbestekoa da ondo lo egitea eta ondo jatea.
Beste herrialdeetako jendea ezagutzeko aukera izan duzu?
Bai. Gure artean asko sozializatzen dugu. Lehen egunean, adibidez, aurkezpena izan genuen, eta hura bukatzean denok elkarrekin egoteko aukera izan genuen.
Txapelketa 50. bukatu duzu. Asebeteta zaude emaitzarekin?
Bai. Oso sentsazio onekin bukatu dut txapelketa. Urrezko taldean sailkatzea ez zen batere erraza. Gainera, olatuak eta haizea izan genituen, eta kondizio horietan ez naiz horren azkarra. Hala eta guztiz ere, bertan sartzea lortu nuen eta 50. sailkatzea. Oso pozik nago.
Txapelketa bukatuta, orain zer?
Astebeteko geldialdia egingo dut orain, baina hurrengo helburua buruan dut jada. Oso motibatuta nago eta gogo asko daukat gimnasiora joaten jarraitzeko eta uretan orduak sartzen jarraitzeko.

