Argiteria publikoa hobetu du udalak
Globo estilokoen ordez LED teknologia erabiltzen duten farolak jarri ditu Irungo Udalak hiriko zenbait lekutan. Argi kutsadura murriztea eta segurtasun sentipena hobetzea da udalaren asmoa.
Irungo argiteria hobetzeko hainbat tokitan globo estiloko farolen ordez LED teknologia erabiltzen duten farolak jarriko dituztela jakinarazi du Gorka Alvarezek, Obra, Mantentze Lan eta Azpiegitura arloko ordezkariak.
Bi helburu nagusirekin abiatu du proiektua udalak. Batetik, argi kutsadura murrizteko helburuarekin. Gainera, eragin positiboa du horrek ingurumenean, “CO2 emisioak txikitzen direlako eta, gainera, eremu horietako kontsumoan %53ko aurrezkia lortzen delako”. Bestetik, segurtasun sentipena hobetzeko helburua ere badu, argiztapen maila igoko baita.
Lanak egiteko gaur egungo zutabe eta luminariak desmuntatuko dira, farolen barruko kableak kenduko dira, oinarriak, kutxatilak eta kanalizazioak eraikiko dira, linea elektriko berria instalatuko da eta argi puntu berriak instalatu eta konektatuko dira. Bost hilabeteko epea ezarri dute lanak burutzeko, eta 536.190,32 euroko aurrekontua bideratu du udalak.
Hiriko gune hauetan egingo dira aldaketak:
- Auzolan kalea: industria-pabiloien aldeko zutabe eta farolak kenduko dira, eta LED argiak daramatzaten altuago batzuk jarriko.
- Elizatxo hiribidea, Oñaurreko biribilgunearen eta Alai Txoko parkearen artean: bidearen aurreneko zatian egun dauden zutabeak mantenduko dira, baina luminariak aldatuko dira, LED teknologia duten antzeko batzuk jarrita. Kalearen gainerakoan, hormigoizko zutabeak eta farolak ordeztuko dira, aurreko zatian daudenen antzeko LED zutabe batzuk jarrita. Argi-puntu berriak instalatuko dira Alai Txoko parkean, inguruko argiztapen-maila hobetzeko.
- José María Franco kalea: globo motako farolak kenduko dira LED teknologia duten luminariak jartzeko. Horrela, zutabe eta LED luminaria berriak instalatuko dira, eta farolen arteko distantzia murriztuko.
- Auzin Zuloa ibilbidea, Dunboa, Erlaitz eta Enkantia: Gran Via modeloko luminariak kenduko dira eta LED teknologia duten antzeko batzuk jarriko.
- Juan Thalamas Labandibar kalea: farolen ordez zutabe altuago batzuk jarriko dira, baita LED teknologiako luminariak instalatuko ere.
- Santa Margarita ospitalea kalea: globo motako farolak kenduko dira eta LED teknologia duten antzeko batzuk jarriko dira.

