Irailean zabalduko dute udal euskaltegian izena emateko epea
Irailaren 1etik 12ra arteko epea zabalduko dute udal euskaltegian matrikulatzeko. Hiru hilabeteko ikastaro trinkoa edo ikasturte osoko ikastaroa egiteko aukera ireki dute.
2025-2026 ikasturtea ate joka dela, Irungo Udal Euskaltegian matrikulatzeko irailaren 1ean irekiko dutela jakinarazi dute Sandra Caballaro Hezkuntza ordezkariak eta Miren Tolosa euskaltegiko zuzendariak.
Bi ikastaro mota proposatuko dituzte datorren ikasturterako. Batetik, hiru hilabeteko ikastaro trinkoa. Urriaren 1etik abenduaren 19ra arte iraungo du, eta egunero lau klase ordu izango dituzte bertan izena ematen dutenek. Bestetik, ikasturte osoko ikastaroa. Urriaren 1etik ekainaren 19ra arte iraungo du, eta astean bost edo sei ordu klase izango dituzte, ordutegi aukera zabalarekin.
Ikasleak onartzeko prozedurak berrikuntzak izango ditu aurten. Izan ere, onartuak izan nahi dutenek egoitza elektronikoan telematikoki edo hiriko autozerbitzu terminaletan sinadura elektronikorako sistemaren batekin (Irun Txartela, BAKQ…) aurkeztu beharko dute eskaera.
LANNAHI programan parte hartzen dutenek hiru hilabeteko ikastaroa eginez gero, hogei euro ordaindu beharko dituzte txanda bakoitzeko.
Euskaltegian dauden edo aurreko ikasturtean egon direnek izan ezik, eskaria egin ondoren mailaketa proba ere egin beharko dute. Behin izena emanda, mailaketa probarako hitzordua eskatzeko 943 505 273 telefono zenbakira deitu beharko da.

