Hiritar patruilengatik kezka adierazi du Bor-bor hausnarketa taldeak
Azken hilabeteetan Irunen egondako eraso arrazistak eskuin muturraren agendak eragin dituela uste dute Bor-bor hausnarketa taldeko kideek. Taldea gogoeta bete-betean dela, auzo patruilen arriskuaz aritu dira.
“Zinez kezkatuta gaude azken ikasturtean Irunen joera arrazistak biderkatzen eta normalizatzen ikusi ditugulako”. Kezkatik abiatu du Bor-bor hausnarketa taldeak azken gogoeta, Irunen azken hilabeteetan nabaritu den gorroto diskurtsoen igoera dela eta. Bihar arratsalderako arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea deitu duen herritar taldeak adierazi moduan, jarrera arrazistek baino gehiago ordezkatzen du hiria Irungo Harrera Sareak, bertatik igaro behar den edonor laguntzen duen “ekimen eredugarria”. “Ezin dugu onartu ultra eskuinak bere interes politikoen mesedetan hori aldatzea. Ez gaitzatela nahasi, Irunen ez dugu elkarbizitza arazorik, ultra eskuin taldeen injerentzia baizik”.
Ikasturte honetan Irunen egon diren zenbait gertakari zerrendatu ditu taldeak: “Devenir Europeo taldetxo neonaziaren erasoak nozitu ditugu, atzerritarren denden kontrako erasoen berri izan dugu, aktibista antifaxistek jazarpena sufritu dute, sare sozialetatik ehiza deialdiak izan dira Irunen mairuen kontrako biolentzia sustatzeko asmoz, Zubia gizarteratzea zentroaren kontrako ekimen arrazistak ezagutu ditugu, Bidasoan ezarritako muga arrazista indartu egin du Frantziako Gobernuak, hamarnaka pertsonak jatorri magrebtarreko pertsona bat jipoitu dutela jakin dugu; eta hori gutxi balitz, Irunen hiritar patruilen sorrera ezagutu dugu”. Zerrenda luzea.
Auzo patruiletan sakonduz, Bor-bor-ek sustatzaileek orain diskurtso lasaiagoa erabiltzen dutela nabaritu arren, argi dute “segurtasunaren” aitzaki pean “arrazakeria zuritu, antolatu eta magrebtarren kontrako biolentzia gauzatu” dutela. WhatsApp-eko Lo vimos en Irún taldean elikatutako gorroto ekintzak oroitarazi dituzte: magrebtarrak “urdaiazpikoari alergiko” deitu, askotan buloak diren bideo umiliagarriak zabaldu edo jipoitzeko materialaren berri eman.
Eskuin muturrak bultzatutako patruilak
Ez da Euskal Herrian horrelakorik gertatzen den lehen aldia, Trintxerpe eta Egian ere antzeko gertakariak egon dira azken hilabeteetan. Defenda dezagun gurea bezalako “lelo trumpista” duten taldeak sortu dituzte bertako bizilagunekin, eta magrebtarren aurkako “gorrotoz eta buloz” bete dute. Ondoren, “txinparta” eragin duen edozein gertakari nahikoa izan da ehiza arrazista abiatzeko, Bor-bor-eko kideek jakinarazi dutenez.
Europa osoan ari da eskuin muturra mota honetako erasoak antolatzen: “Segurtasun kezka erreala erabiltzen dute hiritar xumeak erakarri eta ideologia arrazista oldarkorra duten antolakundeetan enkoadratzeko”. Horrexegatik dago hain kezkatua Bor-bor, “ultra eskuindarra ez den hiritarra, zu ere, irundar, limurtzera iritsi daitezkeelako, azti ez bazaude”.
Izenik eman ez baldin badute ere, auzo patruilen iturrian Espainiako eskuineko telebista saioetan egon ohi den Irungo militar ohi bat egon daitekeela adierazi du hausnarketa taldeak. Hala izango balitz, bi argipen aterako lituzke taldeak. Bata, “patruilek izan duten antolatzeko trebezia, zeinak adierazten duen badela organizazio militar-polizialaz dakien norbait atzetik”. Bestea, Telecinco-k Iruni eskaini dion tartea: “Normala ote da, bizilagun batzuek eduki arrazista duen bideo xume bat sareetara zabaldu eta gero, Telecinco-k kazetaria bidaltzea Irunera erreportajea egitera? Gure ustez ez”. Ezagutzen ez duten Irun eta Telecinco-ren arteko lotura bat dagoela uste dute, “Irunen agenda ultra indartzeko, arrazakeria biolentoa hauspotzeko”.
Irunen jarraitzaile batzuk dituen eta Demokrazia Nazional talde ultrako lehendakaria den Chaparrok Madrilgo migratzaileak hartzeko egoitza baten aurkako mobilizazioko hitzak oroitarazi dituzte: “haien magrebtarren bandak osatzen badituzte, guk auzo patruilak sortzeko eskubide legitimoa dugu, defendatzeko eskubidea dugu!”. Bor-bor-en ustez honek argi uzten du patruilen atzean eskuin muturrak bultzatutako magrebtarren aurkako ehizak ezkutatzen direla.
Nork bere buruari hurrengo galdera egiteko gonbidapena egin dute: “zer balizko magrebtar talde dira horiek? eta zeren aurrean autodefentsa? Eta bereziki, zer ideal?”. Argiki diote: “ideal horiek ez dira gureak, ezta gure hiriarenak ere”. Gainera, “inork uste al du, benetan, petoz jantzitako 15 pertsonek, super-ekipatuak diren segurtasun indarrek baino hobe berma dezaketela hiriko segurtasuna? Erotu egin gara, edo zer?”.
Hirian segurtasunarekin benetako kezka egon daitekeen arren, “ez gaitzatela engainatu”. Eskuinak erabili ohi duen estrategia errepikatzen ari direla iruditzen zaie: “Txiroa baztertuta dagoenaren kontra jartzea”. Ez da faxismoak horrela jarduten duen lehen aldia, “XXI. mendeko hiritar patruilak, XX. mendeko squadristi-en alkandora beltzen eguneraketa gaurkoa dira”. Bestetik, jakin badakite WhatsApp talde horietan dauden guztiak ez direla eskuin muturrekoak, baina, hor egonik hari mesede egiten diote. Horregatik, talde horietan daudenei, nahiz eta “borondate osoz eta kuxkuxeatzeko bakarrik izan”, ultra eskuinarengandik erabiliak direla jakinarazi diete.
Azkenik, instituzio publikoak interpelatu ditu hausnarketa taldeak: “Gure hirian hau guztia jazotzen ari dela, zein izan da erakunde publikoen erantzuna? Zer ardura publiko izan du Irungo Udalak honen guztiaren aurrean?”.
Bor-bor taldearen hausnarketa osorik irakurgai PDF moduan hemen.

