'Bidasoa Sendotzen' programak bigarren edizioa izango du
Martxoan hasi eta joan den asteazkenean bukatu zen Bidasoa Biziriken 'Bidasoa Sendotzen' programa. Irungo zenbait enpresari banakako aholkularitza eta prestakuntza saioak eman dizkiete. Bigarren edizioa martxan jarriko dute urrian.
Martxoan abiatu zuen Bidasoa Bizirikek Irungo enpresak bultzatzeko Bidasoa Sendotzen programa. Bost urte arteko ibilbidea duten enpresei banakako hamabi aholkularitza eta lau prestakuntza saio eman dizkiete, “negozio ereduaren hobekuntza, kudeaketa ekonomiko-finantzarioa, marketina eta hazkuntza estrategia” garatzeko tresnak proposatuz. Hainbat hilabeteren ondoren, hil honetan bukatu da Bidasoa Biziriken programa.
Asteazkenean, hilaren 9an, egin zuten itxiera ekitaldia Bidasoa Gunean. Lau enpresetako ordezkari bertaratu ziren haien bizipenak mahai inguruan partekatzera: 3Hiruhome, iTum Solutions, Le Petit Confetti, Amets Bakery eta Moov Drive Technology.
Enpresa berriak “sortzen” eta “sendotzen” laguntzeko programa dela azaldu Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko lehendakariak: “Harro egoteko modukoa da ikustea parte hartzaileek aukera hori baliatu dutela beren kudeaketa profesionalizatzeko eta etorkizunerako ikuspegi berriak zabaltzeko”. Programa honen bidez, “Bidasoa Bizirikek tokiko ekintzailetzarekin duen konpromisoa berresten du”. Norabide berean, Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko lehendakariordeak programaren lankidetza izaera azpimarratu du: “Sendotzen ekintzaileen arteko topagunea ere izan da, erronkak, konponbideak eta ikaskuntzak partekatzeko. Ziur gaude proiektuen arteko lotura hori funtsezkoa izango dela proiektua sendotzeko eta hazteko”.
Bidasoa Sendotzen programak izan duen “harrera ezin hobea” ikusi ondoren, urrian bigarren edizioa martxan jartzeko erabakia hartu dute. Parte hartzeko interesa duten enpresek hurrengo hilabeteetan izango dute izena emateko aukera.

