Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribiko eraso matxista gaitzetsi du
Eraso matxista gaitzesteaz gain, herritarrei bihar, –hilak 12– , 11:30ean Martxoak 8 plazan egingo den elkarretaratzera joateko deia egin diete.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hondarribiko eraso matxistaren ildotik, adierazpen instituzional bat argitaratu du, eta bertan irmoki gaitzetsi du erasoa. Era berean, oharraren bidez gertutasuna eta elkartasuna adierazi dio biktima, senide zein gertuko pertsonei.
Gipuzkoako Emakumeen aurkako Indarkeriari Aurre Egiteko Protokolo Instituzionalaren arabera, Aldundiak bat egin du Hondarribiko Udalak argitaratu duen adierazpenarekin.
“Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen. Horregatik, beste behin ere, berdintasunaren aldarrikapenean jartzen dugu azpimarra. Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta duintasuna, sexu askatasuna eta pertsonen osotasun fisikoa ere, eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean”, dio Aldundiaren oharrak.
Azkenik, bat egin dute bihar –hilak 12–, 11:30ean, Martxoak 8 plazan egingo den gaitzespen elkarretaratzearekin, eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete.

