Aski Da! kolektiboak udalari "baikor" eta "zuhurtziaz" begiratzen dio
Hizkuntza Plana betetzea eskatu diote udalari, eta salatu egin dute ere euskaraz aritzeko Irungo Udaleko hainbat kideren "borondate eza".
Abenduan sortu zen euskararen normalizazioaren aldeko Aski Da! kolektiboa eta ordutik haien udalari egindako eskariak argiak izan dira: keinu zehatzetatik harago, hizkuntza politikak eguneratzea eta horiek aplikatzea. Horretarako “borondate politiko berri bat” oinarri jarrita, elkarlanerako eskua luzatu zion udalari kolektiboak. Guztira Irungo 40 eragile baino gehiagok osatzen dute Aski Da!.
Otsailean elkartu ziren lehenbizikoz udal gobernuko kideekin eta bi eskakizun mahai gaineratu zituzten. Batetik, euskarari dagokion udal ordenantza betetzen hastea, eta Hizkuntza Plana (AROA) eragileekin batera osatu ahal izatea. Bigarrenari helduta, ordenantza aztertzeko aukera izan dute Aski Da! kolektiboko kideek eta udalari eskatu diote hura modu progresiboan betearazten hasteko konpromisoa hartzea.
Dena den, esku artean izan duten Hizkuntza Plana dagoeneko osatuta zegoen eta haien parte hartzea “mugatua eta partziala” izatea deitoratu dute. Hargatik, auzi honi modu eraikitzean heltzeko hautua egin zuen kolektiboak eta Euskara zerbitzuak antolatutako saioetan parte hartu dute maiatzaren 12tik ekainaren 16ra bitartean.
Hasieran “mesfidantza” eta “desadostasunak” zituztela aitortu du kolektiboak baina horiek gainditu eta baloratu dute “gai” izan direla jarrera eraikitzailearekin jarduteko, adostasunak bilatzeko eta Hizkuntza Plan “hobe” eta “osatuago bat” egikaritzeko. Egindako lanarekin kolektiboak uste du “borondatea izanez gero, gauzak herritarrokin batera egitea aberasgarria eta mesedegarria” dela.
Oraindik ez dela lana bukatu adierazi dute eta udalak plana martxa jartzeko esperoan daude. Udalarentzat plan hau aplikatzea ez dela erronka makala azaldu dute, baina Euskara zerbitzuari oroitu diote badakitela borondatea edukiz gero gauzak “aurrera txukun” ahalko direla eraman. Bide horretan, eskua luzatuta edukitzeko konpromisoa berretsi du Aski Da!-k.
Azkenik, ez dute ahanzturan utzi nahi izan Irungo Udalak “sarriegitan” eta “inertziak bultzatuta” euskara baztertu edo zokoratu egiten duela. Eredutzat jarri dituzte sanmartzialetan haurrei zuzendutako ekitalditan gaztelaniaren nagusitasuna edota San Juan eguneko pregoia alkateak gaztelania hutsean egin izana. “Borondate eza horren adibide”.
Aipatutako euskararekiko jarrera horiei heltzea eta inertziei buelta ematea Euskara Zerbitzuaren ardura dela uste du Aski Da!-k, “irundar guztion hizkuntza eskubideak betearazteko”. Aurreratu dute “erne” egongo direla.

