Erromatarren garaira bidaia, 'Dies Oiassonis' jaialdiarekin
Erromatarrek Irunen utzitako ondarea ezagutaraztea da jaialdiaren helburua. Bihartik hilaren 13ra arte kultur, gastronomia eta bestelako zenbait ekitaldi antolatu dituzte.
Handia da erromatarrek Irunen utzitako ondarea, eta “Oiassoko terma erromatarrei esker, lurraldeko hiri erromatar nagusia bilakatu da”. Horregatik, hiriko jaien ajea igarotzeko eskaintza zabala antolatu dute Dies Oiassonis erromatar jaialdiaren baitan. “Ondare arkeologikoa eta Oiasso zaharraren historia” ezagutarazteko helburua du egitasmoak, era guztietako 50 ekitaldi baino gehiago antolatuz. Bihar, hilaren 9an, hasi eta hilaren 13ra arte luzatuko da.
Cristina Laborda alkatea, Nuria Alzaga alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkaria eta proiektua antolatzen lagundu duten eragile zein ostalarien ordezkaritza izan dira jaialdiaren aurkezpenean. Honakoa adierazi du Labordak: “Termak hiriaren pribilegio bat dira, ondare historiko kultural aberats bat, eta haien balioa nabarmentzeko baliatuko dugu Dies Oiassonis jaialdia. Azken batean, hitzordu berezi eta berdingabe bat da hau, hirian guztiz errotua dagoena eta, gainera, bisitariak erakarri ere egiten duena, gero eta gehiago erakarri ere”.
50 jardueratik gora antolatu dituzte, tartean, Isis jainkosa omentzeko urteroko Navigium Isidis prozesioa, zirku erromatarra, edo azoka erromatarra. Baina, berrikuntzarik ere izango da aurtengoan. Izan ere, Ifigenia antzezlanak irekiko du jaialdiaren aurtengo edizioa, bihar, 21:00etan, Amaia KZn. Beste zenbait kultur emanaldi ere antolatu dituzte hiriko elkarteekin lankidetzan: Percy Jackson y el ladrón del rayo (hilak 10, San Juan plaza), edo Ludi Scaenici elkartearen musika erromatar kontzertua (hilak 11, Junkal plazatxoa). Modari buruz ikasteko aukera ere izango dute bertaratuek, ikastaroak antolatu baitituzte.
Erromatar gastronomiak ere leku handia hartuko du, sukaldaritza lehiaketa egingo baita etzi, hilaren 10ean. Orain arte arrain zopa egin izan badute ere, isicia omentata kozinatuko dute aurten. Haragi txikituarekin egindako platera da, eta egungo hanburgesaren aurrekaritzat jo daiteke. Etzi, 19:00etan, Almudena Grandes plazatxoan egingo dute lehiaketa. Kozinatzeaz gain, erromatar gastronomia dastatzeko aukera ere izango da, hilaren 11n , 21:30ean, San Juan plazan egingo duten Convivium in Circus Romanus afarian, gladiadoreen arteko borrokak afaria girotuko duen bitartean.
Gainera, Oiasso museoan apirilean inauguratutako terma erromatarren bisita gidatua ere antolatu dute. Berezia izango da bisita hau, gauez egingo baitute, “zentzumenei garrantzi berezia eman nahian”. Hilaren 11n izango da. Bisita ondoren, Thermae eta bainea ikuskizunaren hiru emanaldi emango ditu Thaleia talde tarragonarrak, larunbat arratsalde, gau, eta igande goizean.
Egitarau osoa Oiasso museoaren webgunean ikus daiteke. Sarrerak, ordea, Amaia KZren webgunetik eskura daitezke. Ifigenia antzerkirako sarrera 7 euroan dago, afari erromatarrekoa 30 euroan, eta zirku erromatarrekoa, 5 euroan. Antzezpen historikoen emanaldietarako sarrerak, aldiz, jaialdian bertan eskuratu beharko dira, Oiasso museoan.

