"29 urte geroago, errespetua zabaltzen ari delako" poztu da Alarde Parekidea
Jaien balorazio positiboa egiten du Alarde Parekideko Juntak, herritar geroz eta gehiagok "zilegitzat" jotzen baitute Alarde Parekidea. Hala ere, Udalak Alardearen antolaketa bere gain hartzeko eskakizunean berresten da.

Berritasun “ahaztezin” batekin ospatu dituzte aurten jaiak Alarde Parekideko kideek: Meaka konpainia. Konpainia berri bat gehitu eta guztira hamalau izan dira Irungo kaleetan desfilatu duten konpainia parekideak.
Gainera, “29 urte geroago, errespetua zabaltzen ari dela” nabaritu dute juntako kideek: “Atzean geratu dira emakumeak iraintzea, seinalatzea edo eraso egitea normaltzat hartzen ziren garaiak, inolako gaitzespen politiko edo sozialik gabe”. Are gehiago, geroz eta herritar gehiagok Alarde Parekidea “zilegitzat” jotzen dutela iruditu zaie. Gainera, “gero eta gehiago dira Alarde baztertzailea utzi eta gurera [Alarde Parekidera] datozen gizonezkoak, berdintasuna defendatzera eta inor ez baztertzera”.
Horregatik, oraindik “bazterkeria bere nortasun ezaugarri duen” jendea baldin badago ere, laster desagertuko direla uste dute. Izan ere, geroz eta zailagoa da azaltzea”zer dela-eta jai batean anaiak edo aitak parte har dezakeen, eta ez, emakume izate hutsagatik, arrebak edo amak”.
Beste behin, “berdintasuna eta tradizioa” uztartu daitezkeela frogatu dute Alarde Parekideko kideek, eta junta oso eskertuta agertu da parte hartzaile guzti horiekiko: “Eskerrik asko Alarde bikain honetan parte hartu duten guzti-guztiei, bai eta, babesa eta maitasuna eskainiz beroaren berotan kiskalita espaloietan eutsi diotenei ere. Eskerrik asko!”. Urte osoan zehar Alardeko zenbait batzordetan ekarpena egiten duten pertsona horiei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete.
Hala, juntako agintari askok aurten erreleboa pasako dutela jakinarazi dute: “Agintarien errotazioa gure ezaugarrietako bat baita, Alardeari bizitasuna, aniztasuna eta indarra emateko oinarrizkoa delakoan baikaude”.
Udalari eskaera
Hala ere, Alarde Parekideko Junta Alardearen antolaketa Udalak bere gain hartzeko eskakizunean berretsi da, “pertsona guztien tokia izan dezaten”. Cristina Laborda alkateak “bakoitzak bere gustuko jaia ospa dezakeela” esan izana gaitzetsi dute, jaiak ospatzeko modu bakarrean ahalbidetzen baitzaie emakumeei desfilatzea, “ahaleginak eta bi” egin ostean.
Alarde Parekidea ezin da herritarren “borondatez” aurrera eramaten den egitasmoa izan, juntaren ustez; erantzukizuna erakundeena, eta beraz, Udalarena da, “berari baitagokio herriko emakumeek topatzen dituzten oztopoak berdintzeko zeregina”.