Aldaketa betean da Hondarribia
Gizonen eta emakumeen eskifaiek aldaketa mordoa izan dituzte aurten. Gizonek harrobiarekin ordeztu dituzte bajak, eta zertxobait beherago ibiliko dira. Emakumeek play-offa ekidin eta gora begira jarri nahi dute.

Aldaketa betean da Hondarribia Arraun Elkartea. Gizonen lehen trainerua erreferentziazko taldea izan da azken urteetan, beti puntako ontzien pare, baina aurten aldaketa mordoa izan ditu Ama Guadalupekoa-ren eskifaiak. Orotara, bederatzi arraunlarik utzi dute taldea, eta baja horiek ordezteko, harrobira begira jarri direla adierazi du Mikel Orbañanos Hondarribiko gizonen prestatzaileak.
Denboraldiaurrean errendimendu «txukuna» eman dutela aitortu du Orbañanosek. Hala ere, aurreko denboraldietako errendimenduarekin alderatuta, «zertxobait beherago» dabiltzala baietsi du berdeen entrenatzaileak. Taldean izan diren aldaketa guztiekin, hondarribiarrak jakitun dira ez direla aurreko urteetako mailan ibiliko, baina «kontziente» dira duten egoeraz, eta Orbañanosek onartu du «pozik» eta «gogotsu» daudela denboraldia hasteko.
Eusko Label Ligako eskifaiaren bizkarrezurra etxeko arraunlariak izango dira. Hondarribiak apustu argia egin du harrobiarekiko, eta lehen taldeak izan dituen bajak etxeko arraunlariekin ordeztu dituzte. Berdeek gizonen bi traineru dituzte lehian, eta lau arraunlari-edo kenduta, beste denak Hondarribikoak direla jakinarazi du Orbañanosek. Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak, gainera, bat egin du filosofia horrekin, eta gustura daudela aitortu du: «Bat nator filosofia horrekin, eta herria ere oso pozik dago bertako arraunlariez osatutako traineru bat izateagatik».
Taldeak izan dituen aldaketa guztiekin, aurtengo helburuak moldatu behar izan dituzte. Aurten sailkapenaren erdialdean lehian aritu nahi dutela adierazi du Orbañanosek. Maila hori lortzen badute, goiko traineruei aurrea hartzen ahaleginduko direla nabarmendu du. Etorkizunera begira, zimendu sendoak eraiki nahi dituzte aurten: «Badakigu atzerapauso bat emango dugula, baina luzera begira, agian bi aurrera egingo ditugu berriz ere aurreko lehian sartzeko».
Emakumeak
Gizonen antzera, emakumeen eskifaiak ere aldaketa nabarmenak izan ditu aurten. Iker Cortes prestatzaileak baietsi du arraunlari askok utzi dutela taldea, eta proiektua berrasi behar izan dute. Hori dela eta, negua «nahiko gogorra» izan dela aitortu du Ama Guadalupekoa-ren entrenatzaileak, arraunlari gutxirekin egin baitute prestaketa. Fitxaketak egin arte, taldea «pixka bat larri» ibili dela nabarmendu du, baina eskifaia osatuta, primeran ari direla zehaztu du.
Negua gorabeheratsua izan arren, denboraldi hasierara «momentu onenean» iritsiko direla aurreratu du berdeen prestatzaileak: «Trainerua ondo ari da arraunean, azkar doa, eta momentu onenean iritsiko gara».
Cortesek adierazi du Arraun Lagunak eta Tolosaldea besteengandik koska bat gorago daudela. Orio, «beherago» egon arren, Euskotren Ligan hirugarren trainerua izango dela uste du Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak. Hortik aurrera, beste bost ontziren artean berdintasuna egongo dela iragarri du. Hori dela eta, berdeen helburu behinena jaitsierako play-offa ekiditea da, eta hortik aurrera, gora begira jarri nahi dutela jakinarazi du Cortesek.
Gizonen B trainerua
Hondarribiak lehian duen hirugarren eskifaia gizonen B trainerua da. Gonzalo Carrionen taldeak lau estropada jokatu ditu jada, eta, momentu honetan, KAE1eko sailkapeneko hamaikagarren postuan dira, 9 punturekin. Oso talde gaztea dute, arraunlari mordoa pasa baitira lehen taldera, eta maila mantentzeko helburua dute.

Hondarribia Arraun Elkartearen plantillak