E21 linea "gainezka" dagoela salatu du LAB Euskal Sindikatuak
Autobus lineak pairatzen duen arazoari aurre egiteko hainbat eskakizun egin dizkio LABek Gipuzkoako Foru Aldundiari.

E21-a Hondarribia eta Donostia lotzen dituen zuzeneko autobusa da, Lurraldebusek kudeatzen du, eta, besteak beste, uda garaian Aireportuko turistak jaso eta gainezka bidaiatzeagatik zen ezaguna. Urte luzeetako arazoari irtenbide bat emateko, iaz E30 linea abiatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainetik irailera.
Urtebete geroago formula berari heldu dio Aldundiak eta aurten, E30a ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean izango da martxan. Dena dela, LAB Euskal Sindikatuak linea berri honen eraginkortasuna kolokan jarri du; izan ere, joan den urteko Lurraldebusen datuen arabera 4 hilabeteren ondoren 7.685 bidaiari soilik jaso zituen, E21ak denbora tarte berean 131.201 bidaiari jaso zituen bitartean.
Hori dela eta, E21 linea “gainezka” dagoela salatu eta neurriak hartzeko eskatu diote Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuari. Bereziki, E30 linea turistei jakinaraztea –sindikatuaren esanetan askok ez baitute haren berri–, ticketak txartelarekin ordaindu ahal izateko aukera zabaltzea eta E21 lineak ordu erdiko maiztasuna izatea eskatu dute.