Hitzarmena berrituta, energia iraunkortasuna sustatzeko Bidasoa Biziriken jarduera ugari
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin energia iraunkortasuna bultzatzeko hitzarmena berritu du Bidasoa Bizirikek. Alde batetik, Energia Mahaia dinamizatu eta udalerriei aholkularitza emango diete. Bestetik, enpresei bideratutako aholkularitza programa martxan jarriko dute.

Bidasoa Bizirikek energia iraunkortasuna sustatzeko hitzarmena berritu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin. Hitzarmenari esker 60.000 euroko ekarpena jasoko du garapen agentziak Irun eta Hondarribian ekimenak martxan jartzeko.
Batetik, hitzarmenak Energia Mahaia dinamizatzea eta udalerriei aholkularitza teknikoa ematea jasotzen du. 04/2019 Jasangarritasun Legea eta 1/2024 Energia Trantsizioa eta Klima Aldaketa Legea betetzen laguntzeko, tokiko energia planak garatzeko eta irizpide energetikoak politika fiskaletan txertatzeko helburua du aholkularitzak. Gainera, udalek egindako diagnostikoak eguneratu eta eskualdeko planaren jarraipena ere egingo da, eta lehen ebaluazioa aurten egitea aurreikusten dute.
Bestetik, enpresei bideratutako aholkularitza programa bat jarriko dute martxan. Karbono aztarnaren kalkuluari dagokionez, murrizketa planak lagundu eta energia berriztagarriak instalatzeko proposamenak egingo dituzte. Energia aurrezte eta efizientziari dagokionez, aholkularitza teknikoaz gain, diagnostiko pertsonalizatua eta kontsumoak modu autonomoan kontrolatzeko jarraipen tresnak emango dituzte.
Berrikuntza bat ere badakar aurtengo hitzarmenak. Bi enpresarekin proiektu pilotua abiatu dute, produktu baten bizi zikloa aztertzeko. Honek etorkizuneko arau eskaerak prestatzeko aukera emango du. Bidasoa Biziriken egitasmoa EDIT-Poctefa europar proiektuaren baitan antolatzen da.
Nuria Alzagak, Bidasoa Bizirikeko lehendakariak, hitzarmenak klima aldaketaren erronkari erantzuteko “borondatea” indartzen duela adierazi du: “eskualdeek funtsezko rola dugu, eta gure kasuan lankidetzaren, entzute aktiboaren eta enpresa zein herritarrak laguntzearen bidez egiten dugu lan”. Alzagarekin bat dator Estitxu Uritzberea, lehendakariordea: “energia iraunkortasuna ez da aukera bat, behar bat baizik. Eta urratsez urrats, Bidasoa osoarentzako eredu eraginkorrago, bidezkoago eta erresilienteago batera hurbiltzen ari gara”.
Hitzarmena 2021ean hasitako prozesuaren ondorio dela oroitarazi dute, orduan batu baitzen Bidasoa Bizirik Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Energia Pobreziaren Lurralde Mahaira. 2022an bi urteko hitzarmena sinatu ostean, hurrengo urteetan zenbait jarduera egitea ahalbidetu duen Bidasoako Energia Plana idazteko aukera izan zuten.