HAPO dokumentua behin-behinean onartu dute
Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin aurrera atera da etorkizuneko Hondarribia marraztuko duen Hirigintza planaren behin behineko dokumentua. PSE-EE abstenitu egin zen, eta EAJk, berriz, kontrako botoa eman zuen.

Atzo arratsaldean egin zen ekaineko osoko bilkura. Hitzordu garrantzitsua izan zen, bertan HAPO dokumentuaren behin-behineko onarpena bozkatzera eraman zuelako udal gobernuak. Abotsanitz eta EH Bilduren babesarekin aurrera atera zen etorkizuneko Hondarribia marraztuko duen Hirigintza plana. PSE-EEk abstentzioaren alde egin zuen eta EAJ, berriz, kontra azaldu zen.
HAPOren helburu nagusiena egungo “etxebizitza larrialdiari” erantzutea da, eta horregatik, planak 1.500-1.600 etxebizitza sortzea ahalbidetuko du. Etxebizitza horien gehiengoa jabetza publikokoak izango dira, eta biztanleen profil anitzetara egokituko dira. “alokairuan, salmentan, lagapen bidez edota kooperatiba moduan eskainiko dira.
Etxebizitza eredu horiek, gainera, leku berean eraikiko dira, era horretan segregazioa saihestuko delako. Zentzu horretan mintzatu zen atzo alkatea: “Ez dugu onartuko zenbait auzo soilik etxebizitza librez osatzea eta beste zenbait babestuez. Gizarte eredu bidezko, orekatu eta integratzaile baten aldeko apustua egiten dugu, non auzo guztiek aukera eta azpiegitura berberak izango dituzten”. Onartu berri den HAPO dokumentuaren xehetasunak hil hasieran aurkeztu zituzten, udal webgunean ere aurki daiteke informazioa.
Dokumentua prestatu bitartean plana behin betiko onartu eta hilabete gutxitara Montañenea, Etxanikenea eta Kubo-Madalenako jarduketak eraikitzen hasi ahal izateko prestatzen ari da udala. Aste honetan, adibidez, Montañenea eta Madalena-Kuboko sustatzaileekin hitzarmen bana sinatu dute.
Aldi berean, Jaizkibelgo pista eta baso bideak arautuko dituen ordenantza ere onartu zuten.