"Hiri eredu berri bat" marraztuko duen HAPO ondu du udal gobernuak
1.500 etxebizitza inguru egitea ahalbidetuko du HAPOk. Horietatik 900 etxebizitza babestuak izango dira. Gainera, apartamentu turistikoak mugatu eta makrooutlet proiektuak egitea saihestuko du dokumentuak.

Gaur goizean aurkeztu du Hondarribiko Udal Gobernuak datorren osoko bilkurara -hilaren 19an egingo da- behin behinean onartzera eramango duten Hiri Antolamenduko plan orokorraren (HAPO) dokumentua.
Dokumentu garrantzitsua da; izan ere, etorkizuneko Hondarribia nolakoa izango den zehaztuko du. 15 urterako jarduketa urbanistikoak definitzen dituen dokumentua da, eta horrenbestez, “zuhurtzia politiko handiarekin” ez ezik, “ausardiaz” ere jokatu dutela azaldu du Igor Enparan alkateak.
Hondarribian etxebizitza larrialdi “izugarria” dagoela gogorarazi du alkateak lehenik: “30 eta 50 urteko hondarribiarren artean heren batek (%30ak) kanpora bizitzera joan behar izan du. Baina aurreko belaunaldietan ere antzeko prozesu bat gertatu da”. Eta beraz, datozen urteetan Hondarribian bizi nahi duten hondarribiarrek bertan bizitzeko aukera izatea izango da udal gobernu honen helburuetako bat. Zentzu horretan, HAPO dokumentu berri honek, hiri eredu berri bati erantzungo diola ziurtatu dute.
Guztira 1.500 etxebizitza inguru egitea ahalbidetuko du HAPOk, eta horietatik, 900 etxebizitza babestuak izango dira.
Hiri eredu berria
Hirigintza plan berria ontzeko 2023an aurreko udal gobernuak onartu zuen hasierako dokumentua hartu dute oinarri. Izan ere, dokumentu bat zerotik eraikitzea hainbat urtetako -5 eta 10 urte bitarteko- prozesua da, eta “ardura politikoari” jarraiki -etxebizitza larrialdiaz jabetuta-, aurreko dokumentuan oinarritzea erabaki zuten. Era horretan, behin betiko HAPO onartzen denean, denbora laburrean etxebizitzak eraikitzen hasteko aukera izango dute.
Hondarribiko hiri eredua aldatu egingo du HAPO dokumentuak, eta hori oso kontzienteki hartutako erabakia izan da. “Guk ez genuen gobernua hartu gauzak berdin jarraitzeko. Argi esan genuen gauzak aldatzeko gentozela” adierazi du alkateak. Beraz, 1970. urtetik 2023 urtera arteko etxebizitza politikaren filosofia errotik aldatuko dute, fokua babestutako etxebizitzak eraikitzean jarriz eta lehen eta bigarren mailako herritarren arteko segregazioa sahiestuz.
Gainera, “bizitzeko Hondarribia” sortu nahi dute. Hau da, Hondarribian bizitzeko eskubidea bermatu eta auzoak biziberritu nahi dituzte. Horretarako Auzo Bihotz kontzeptua gehitu dute dokumentuan. Mugikortasunaren eta bizikidetzaren ikuspegitik “Hondarribia bizi” bat izatea baitute helburu. Hortaz gain, apartamentu turistikoak mugatu eta makrooutlet proiektuak egitea saihestuko du aurkeztu duten HAPOk.
Bizitzeko Hondarribia
HAPOk datozen 15 urteetarako jarduera urbanistikoak definituko ditu, hau da, “zer eraikiko den, non eta noiz” zehaztu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. Segidan bizitegi erabilerari buruzko xehetasunak eman ditu.
Gaur aurkeztu duten dokumentuak udal gobernuaren asmo politikoekin “konektatzeaz” gain, alegazio fasean eta parte hartze prozesuan jasotako ekarpenekin bat egiten duela azaldu du lehenik zinegotziak. Izan ere, azken prozesu horretan herritarrek “oso modu nabarmenean” kritikatu zuten ez zeudela ados orain arteko transferentzia mekanismoarekin, eta beraz, udal gobernuak eredu hori aldatuko duen plangintza aurkeztu du.
Transferentzia mekanismoari dagokionez, legeak lur eremu bakotzean zenbat babestutako etxebizitza egin behar diren arautzen du, baina bigarren mekanismo batek lur eremu horietan etxebizitza libreak (pribatuak) egitea uzten zuen, estandarra (etxebizitza babestuen kopurua) modu globalean betearaziz. Hau da, beste eremuetak babes ofizialeko etxebizitzak soilik eraikitzera behartzen zuen. Aurreko dokumentuak era horretan jokatzen zuela azaldu du Urtizbereak, “desorekatutako auzoak” eraikiz eta “segregazioa” hauspotuz.
Basako eremua zen guztiaren abiapuntua. Izan ere, Basako eremuan 240 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusten zuen aurreko dokumentuak [Berez, lurzoru urbanizagarria izanik %75a babestutako etxebizitza behar zuenean izan]. Gainera, eredu horrek ez zien hondarribiarrei herrian bizitzera geratzeko konponbiderik ematen, “kanpotik etorritako ahalmen ekonomiko handiko pertsonentzako pentsatuta” zegoelako.
Beste zenbait kritika ere jaso zituen Basakok, hau da, mugikortasun ereduaren inguruan, edota paisaia urbanistikoari eta naturalari dagokionez. Horregatik guztiagatik, egungo udal gobernuak Basako desklasifikatzea erabaki zuen. Horrek, 240 etxebizitzk beste nonbait eraikitzeko beharra sortu zuen, gainontzeko eremuetan etxebizitza kopurua eta portzentaiak erabat aldatuz. Batez ere, Etxanikenea, Tudelenea-Botika eta Karmeldarrak eremuek jasoko dituzte aldaketak.
- Montañenea: Hasieran 45 etxebizitza aurreikusten ziren. Orain 84 eraikiko dituzte. Horietatik %30 babes ofizialeko etxeak izango dira eta udalaren esku geratuko dira. %33 prezio tasatua edo adostutako prezioa izango duten etxebizitzak izango dira, (22 familiekin 2018ko prezioa mantentzea adostu dute) eta %33 erregimen libreko etxebizitzak izango dira.
- Kubo-Madalena: Hasierako etxebizitza kopuru bera izango du. Guztira 85 etxebizitza. Horietako %65 erregimen librean eta %35 babes ofizialeko etxebizitzak. Azken horiek Labrederreko Atseden kalean jasoko ditu udalak. Alokairura bideratutako 30 etxebizitza publiko lortuko ditu udalak.
- Karmeldarrak: Hasiera batean 187 etxebizitza zeuden aurreikusita, baina oraingo dokumentuan 242 eraikitzea dago aurreikusia. Hasiera batean etxebizitza guztiak babes ofizialekoak izan behar zuten, baina HAPO berrian %55 babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, %20 babes ofizialeko etxebizitza tasatuak eta %25 erregimen librean.
- Tudelenea-Botika: Eremu hau eraikiko den azkena izango da. Hasieran 309 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen, baina orain 422 jasoko ditu. %55 babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, %20 babes ofizialeko etxebizitza tasatuak eta %25 erregimen librean.
- Etxanikenea: Hilerriaren ezkerraldean dagoen lur eremua da, eta bertako jarduketa klabea izango dela azaldu du Urtizbereak. Lehen 250 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen, eta orain 345 jasoko ditu. Horietatik %55 babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, %20 babes ofizialeko etxebizitza tasatuak eta %25 erregimen librean.
Plana onartu eta hilabete gutxitara Montañenea, Etxanikenea eta Kubo-Madalenako jarduketak eraikitzen hasi ahal izateko prestatzen ari da udala.
Makrooutletik ez
Hirigintza zinegotziaren ondoren, Garoa Lekuonak hartu du hitza. Ingurumen zinegotziak jarduera ekonomikoen inguruko azalpenak eman ditu.
Campus Teknologikoari heldu dio lehenik. Hamarkada luzez Hondarribian Campus Teknologiko bat eraikitzeko asmoaren inguruan hitz egin dela azaldu du lehenik, baina orain arte ez zaiola edukirik eman adierazi du Ingurumen zinegotziak. Zubieta “balio handiko” berdegunea izanik, hura nolabait babestu beharra ikusi zuten. “Hondarribian lana sortzearen alde gaude, baina ez edozerren truke” azaldu du.
Hori dela eta, hainbat erakunderekin hitz egin eta Campus Teknologikoa lehen sektorean espezializatutako gunea izatea proposatu zuen udal gobernuak. Erakundeek begi onez ikusi zuten proposamena, era horretan, EAEko gainontzeko zentro teknologikoetatik bereizteko aukera emango duelako.
Finean, enplegu berdean oinarritutako campusa izango da, eta horrek, besteak beste, elikadura burujabetzarekin lotura zuzena izango du.
Ondoren, Zaldunborda izan du hizpide, eta hasieratik argi utzi du HAPO dokumentu berriak ez duela makrooutlet proiektuak egiteko biderik zabalik utziko.
HAPO berria idazteko 2023an onartutako hasierako dokumentuan oinarritu direnez, ez dute Zaldunbordako jarduketa ekonomikoa beste inora lekualdatzeko aukerarik izan, eta beraz bertan sortzea aurreikusita zegoen lanpostu berien kopurua mantentzeko, zenbait muga ezarri dituzte.
Batetik, merkataritza motaren eredua aldatu dute. Hau da, udal gobernuaren baloreei jarraiki merkataritza txikien eredua jorratuko dute. Eta bestetik, Zaldunbordako eremuak bera izaten jarraitzen du. 40.000 metro karratuko eremua da, baina Saltoki handien legeari jarraiki, aktibitate komertzialei bideratutako eremua 15.000 metro karratura murriztu dute.
Udalak, gainera, bere eskubidea bereganatu du eta Zaldunbordako 8.000 metro karratuetan zein aktibitate komertzial ezarri ahal izango diren erabakitzeko ahalmena izango du. Hortaz, bertan burutu ahal izango diren aktibitate komertzial horiek “bereziak” edo “singularrak” izango direla adierazi du zinegotziak.
Azkenik, “herritarren lasaitasunerako” Zaldunbordan egin daitekeena zehazten duen dokumentuaren idazketa udalaren eskumena izango dela adierazi du, eta konpromisoa hartu du herriko merkatari eta elkarteekin elkarlanean osatzeko.