EAJk HAPOren aurka bozkatu du prozesuaren kudeaketa salatzeko
Atzoko osoko bilkuran bozkatu zuten HAPOren behin-behineko onarpena, eta EAJk aurka egin zuen. Etxebizitza alorrean aurrera egitearen alde egon arren, Udal Gobernuaren jarrera eta egiteko moduak salatzeko eman zuten ezezkoa.

Atzoko, hilaren 19ko, osoko bilkuran Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) behin-behineko onarpena bozkatu zuten. Abotsanitz eta EH Bilduk alde bozkatu zuten, PSE-EE abstenitu egin zen, eta EAJk aurka bozkatu zuen.
HAPOren edukia baino, egiteko modua izan da jeltzaleak ezezkoa bozkatzera bultzatu dituena. Izan ere, Udal Gobernuak bere kabuz aurrera egin duela iruditu zaie. Oposizioarekin ez dutela negoziatu nahi izan azaldu dute, bi urte hauetan “ez baita elkarrizketa saio serio bakar bat ere egin”. Gainera, herritarrei ez behar bezain beste informazio helaraztea gaitzetsi du EAJk, HAPOn aldaketa esanguratsuak sartzean “jendaurreko informazio prozesu berria” martxan jarri behar baita, eta ez baitute ikusi Udalak halakorik egin duenik.
EAJk bat egiten du etxebizitzen eraikuntzaren premiarekin, baina, etxebizitza publikoak eraikitzeko lehiaketa publikoa egin ordez Udalak zuzenean eraikuntza enpresei esleitzea salatu dute.
Abotsanitzen jarrera oposizioan zegoela edo Udal Gobernuan dagoela ezberdina dela nabaritu dute, eta horren hainbat adibide eman dituzte. Alde batetik, Mendelu auzoaren kasua gogoratu dute: “Mendelu auzorako antolamendu xehatua eskatu zuten marra gorri gisa, eta orain erabat ahaztu dute”. Bestetik, merkataritza eremua handitzeko Damarrikako aparkalekua kentzea deitoratzen dute, Alde Zaharreko aparkalekuaren arazoa okertuko duela iruditzen zaielako. Azkenik, “Karmeldarrak edo Zubieta bezalako eremu estrategikoen garapena lehenesteari uko egin diote, non etxebizitza garapen ekonomikoarekin eta berrikuntzarekin konbinatu daitekeen”.
Gainera, Abotsanitzek “haustura” jarrera erakutsi nahi duela iruditzen zaie jeltzaleei, baina errealitatean inongo hausturarik ez dagoela ikusten dute: “[HAPOren] oinarriari eutsi diote eta funtsezko aldaketak egin dituzte, segurtasun juridikorik eza sortuz. Ezin da azkar aurrera egin, planaren baliozkotasuna arriskuan jarriz”.
Onartuta den HAPOk 2023 hasieran onetsi zen HAPOren antzeko zifrak dituela azpimarratu dute: “1.500 etxebizitza inguru, eta horietatik 900 inguru babestuak izango lirateke”. Beraz, beste behin aurkako bozka ez dela etxebizitzaren arloan aurrera egitearen aurkakoa izan azaldu dute, jarrera eta prozesuaren kudeaketaren aurkakoa baizik. Hala, herriak “plan serioagoa eta partekatuagoa merezi duela” uste dute, “Hondarribiak gehiago merezi baitu”.