Legebiltzarkideak, Oiassora bisitan
Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordeko ordezkaritza Irungo Oiasso Museoan izan da. Ireki berri diren terma erromatarrak bisitatzeko aukera izan dute.

Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordeko ordezkaritza batek Irungo Oiasso Museoa bisitatu du. Ima Garrastatxu, Oihana Etxebarrieta, Maider Lainez, Garikoitz Mendizabal, Irune Zuluaga eta Zelai Nikolasek osatu dute ordezkaritza, eta Nuria Alzaga alkateorde eta Kultura ordezkariak harrera egin ondoren, Juanjo Jimenez eta Aizpea Goenagak egin diete bisita gidatua.
Museo osotik zehar ibiltzeko aukera izan duten arren, berezitasun bat zuen gaurko bisitak: apirilaren 11n inauguratutako terma erromatarrak bisitatu dituzte. 3.500.000 euroko inbertsioa behar izan zuten berreskuratze lanek, eta horietatik 1,5 milioi Udalak jarri zituela azpimarratu dute.
Baina, termak ez dira berreskuratze lan bakarra izan. Izan ere, Irugurutzetako labeko lanak 2026 hasierarako bukatzea aurreikusten du Udalak. 2.600.000 euroko inbertsioa eskatzen du honek, eta 600.000 ezarriko ditu Udalak.
Bi lan hauek 4.000.000 euroko europar funtsen finantzaketa jaso dute, Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren kontura.