Terrazen ordenantzaren hasierako onarpena atzeratzeko eskatu du PSE-EEk
Uda ostera arte atzeratzeko eskatu dute sozialistek, bitartean, "elkarrizketarako espazio bat irekitzeko". Ordenantza onartzeko "aldez aurreko negoziazio prozesurik egon ez" izana salatu dute.

Ostegunean, hilaren 29an, eramango du Udal Gobernuak terrazen ordenantzaren hasierako onarpena osoko bilkurara. Hondarribiko Udal Talde Sozialistak uda ostera arte atzeratzea eskatu du, tarte horretan “elkarrizketarako espazio bat irekitzeko eta araudi adostu, orekatu eta udalerriaren errealitatera egokitua bermatuko duten gutxieneko akordioak lortzeko”.
Izan ere, oposizioarekin, “inplikatutako eragileekin”, eta “ostalaritzarekin sektoreko elkarteekin” inolako negoziaziorik ez egin izana deitoratzen dute sozialistek. Gainera, dokumentazioa jasotzen denetik batzordea egiten den arte bermatu behar den 48 orduko epea ez dela errespetatu salatu dute, are gehiago “araudiaren konplexutasuna eta garrantzia kontuan hartuta, udalerriko auzo, kale eta zona bakoitzari modu desberdinean eragiten baitio”.
Hala ere, Abotsanitzek dagoeneko gezurtatu ditu salaketa hauek, EAJk ere berdina leporatu baitio. Ordenantza berria lantzeko hainbat batzorde egin zituztela ziurtatu dute; baita “ostalariekin, ezgaitasun egoeran dauden pertsonekin, bizilagunekin eta udaleko teknikariekin” lan egin dutela ere, besteak beste, guzti horiekin Jostaldi pilotalekuan entzute saioak eginez.
Aste honetan hasierako onarpena osoko bilkurara eraman arren, “alegazioak aurkezteko epea urriaren erdialdera arte luzatuko da”, eta horrek zentzu gehiago ematen dio uda ostera atzeratzeko eskakizunari, PSE-EEren ustez. “Hurrengo osoko bilkuran egiteak ostalaritzaren sektorea zigortuko luke, alegazioak aurkeztu eta negoziatu beharko lituzkeelako uda garaian, sektorearentzat lan handia dagoen garaian”. Haatik, uda ostera atzeratuz, “sektorearekin negoziatzeko ahalegina egiteko” aukera legoke.